Ia ehun enpresa eta 200 bat langile elkartu ditu gaur, Donostian, lehenengo Enpresarean azokak. Euskaraz lan egiten duten, eta lantegietan ere euskararen normalizazioa bultzatzen ari diren enpresak dira guztiak. Elkar ezagutzeko, elkarlan aukerak sortzeko eta negozio bide berriak sortzeko baliatu nahi dute gaurko aukera.
Bai Euskarari Ziurtagiriak antolatu du lehen azoka hau, eta lehen balorazio baikorra egin du. Rober Gutierrez ziurtagiriko zuzendariak nabarmendu du bi urtez aritu direla prestaketa lanak egiten eta, azkenean, "ametsa" egi bihurtzeko bidean jarri dutela. Euskaraz diharduten enpresen arteko lankidetza bultzatzea zen egitasmoaren helburua, eta gaur urrats bat eman dela uste du Gutierrezek.
Goizean goiz hasi da azoka, bederatziak aldera. Irekiera ekitaldian hitz egin dute Gutierrezek berak, Juan Karlos Izagirre Donostiak alkateak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko kideak. Azoka antolatzeko laguntza eman dute hiru erakundeek.
Hizkuntzen kudeaketa egokia egiten duten enpresek "kokapen hobea" dutela nabarmendu du Garitanok, eta euskara "kohesiorako tresna" dela lurraldearentzat bezala enpresentzat ere. Lan bila ari direnei prestakuntza eta euskararen ezagutza hobetzea proposatu die; "euskara ikastea errazago izateko", aldundiak laguntzak emango dituela azaldu du. Izagirrek, berriz, euskararen "hazia" erein duten enpresek "basoa" osatzeko esperantza agertu du: "Poliki baina etengabe haziko den basoa izatea espero dut".
Globalizazioaren kritika
Guillermo Dorronsoro Deusto Business Schooleko dekanoaren hitzaldiak ireki du azoka. Krisi orokor eta "sakoneko" garai hauei buruzko hausnarketa egin du, eta egungo sistema ekonomikoak ez diela pertsonei balio adierazi du: "Eraikitzen ari den ekonomiak ez digu balio; ez dago gizartearen zerbitzura".
Globalizazioa "gaizki" eraiki dela, baina beharrezko dela, eta bestelako globalizazio bat altxatu behar dela nabarmendu du. "Sustraiei" eusteak izan behar du globalizazio horren muimean, Dorronsororen ustez: "Dauzkagun arazoak konpontzeko bidea gure sustraietan dago". Krisiak aro aldaketa bat ekarriko duela uste du Dorronsorok, "aldaketa sakonak ekarriko dituen mende bat" etorriko dela. Eta aldaketa horietan "sustraiak dituzten pertsonek" eragitea beharrezkoa izango dela erantsi du.
Hitzaldiari segida eman diote azokan parte hartzen ari diren enpresen aurkezpenek. Hamar minutuko tarteetan, beren egitasmoen eta esperientzien berri eman dute. Fremap, Kutxabank, Ekogunea, Laneki, Hirudart, Nekatur, IMH, DI-DA, Latz Tresnak, Langune, Ahize, Artez, Elhuyar, Emun, Bidera, Bitarlan, Elduaien, Egunea, Lacunza, Euskadiko Kutxa, Oreka IT, Eutik, Kooperatibatu eta Mondragon Lingua aritu dira aurkezpen horiek egiten.
Eguerdi partean mahai-ingurua egin dute Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariarekin, Eneko Astigarraga Codesyntax enpresako langilearekin, Unai Bilbao Akting enpresako langilearekin eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariarekin. Arratsaldean egin dituzte K2K Emocionando enpresako Asier Irazustaren hitzaldia eta coworking-ari eta networking-ari buruzko hitzaldia.
2013an berriz elkartzeko asmoz
Ekimenak heldu den urtean azoka errepikatzeko asmoa agertu du Rober Gutierrezek. Urtean zehar ere jarraituko du zenbait lan egiten Enpresarean-ek, baita Interneten ere, azokarako sortu duten webgunean. Gaur telebistako zuzeneko saioa eman dute webgune horretan, eta 1.500 ikustaldi izan ditu saioak. Azokako parte hartzaile askok, bestalde, Twitter sare sozialean egin dute azokaren jarraipena.