Euskaraz Bizi Eguna

Euskaraz, ozen eta harro

Euskal Herrian Euskaraz-ek deituta, euskaraz bizitzearen aldeko hautua aldarrikatu dute Donostiako kaleetanEuskarak dagokion estatusa izateko estatu burujabe bat behar dela berretsi du EHEk

Jende asko bildu zen euskararen aldeko manifestazioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Harrotasuna. Euskaldun izatearen harrotasuna eta euskara harro erabiltzearen garrantzia aldarrikatu dute Donostian, Euskaraz Bizi Egunaren karietara eginiko manifestazioan. Euskaraz bizitzeko zailtasunak kritikatu dituzte, baina baita gogorarazi ere hizkuntza erabiltzea hautu bat dela: «Txikia izatea ez da eskasa izatea; eman diezaiogun euskarari duen balioa, eta egin dezagun segundoro haren alde apustu», adierazi dute Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek. Haiek antolatu dute Euskara Bizi Eguna.

«Euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho» izan zen atzo Donostia. Euskaraz Bizi Eguna ospatu zuten atzo Gipuzkoako hiriburuan, EHE Euskal Herrian Euskaraz-en deiarekin bat eginda. Hirugarrenez ospatu zuten atzo, 2010ean Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) eta iaz Gernikan (Bizkaia) egin eta gero. 11:00etan hasi ziren ekitaldiak, eta, eguraldia alde zutela, egitarauan parte hartu zuten haur, gazte eta helduek. Jende dezente elkartu zen goizean hizkuntza jokabideen tailerrean eta herri bazkarian, besteak beste. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri musika taldeek eutsi zioten giroari iluntzera arte, Trinitate plazan eginiko kontzertuan.

Manifestazioa izan zen ekitaldi nagusia; 18:30ean abiatu zen, Bulebarretik, eta euskaldun eta euskaltzale andana batu ziren Euskalduna naiz eta harro nago leloaren atzean, haien hizkuntzan bizitzeko eskubidearen alde indarra egiteko.

Euskalgintzako eta politikako ordezkari ugari izan ziren manifestazioan. Besteak beste, hauexek parte hartu zuten martxan: Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko Espainiako Kongresuko diputatuak, Garbiñe Errekondo Gipuzkoako Foru Administrazioko diputatuak, Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak eta Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak. Errekondoren irudiko, euskarak oraindik badu zer berreskuratu, eta herritarrek kalera atera behar dute horiek lortu artean: «Hizkuntza nazionala euskara dugu, eta berme eta eskubide guztiekin behar dugu».

Herritarrek gogoz hauspotu zuten euskaraz bizitzearen aldarria, haizeak gogor jo baitzuen ibilbide osoan zehar. Euria ere lagun izan zuten tarte askotan, baina eguraldiak ez zuen inor aterpera eraman; manifestazio luzea osatu zuten herritarrek. Esaterako, manifestazioaren burua Bulebarreko kioskora ailegatzen ari zela, Santa Katalinako zubi parean ziren martxari amaiera ematen ziotenak. 600 metro pasatxoko tartea da hori. Euskal Herrian Euskaraz-eko bandera ugarik jarri zioten kolorea manifestazioari, eta musikak eta herritarren deiadarrek doinua. Donostia, Lizarra, Iparraldea, Nafarroa eta beste leku ugari euskaldunak direla gogorarazi zuten, eta euskararik gabe Euskal Herririk ez dela izango oihukatu. Guk euskaraz kantua abestu zuten manifestazioaren burukoek, eta festa giroan egin zuten bidea atzetik zihoazenek. Hasi eta 45 bat minutura iritsi zen manifestazioaren burua abiapuntura, Donostiako erdiguneko kale nagusiak gurutzatu eta gero. Txalaparta doinuek eman zieten ongietorria manifestariei kioskoan. Hasi bezala amaitu zuten protesta: giro apartarekin.

EHEko kide Igone Lamarainek, Unai Larreategik, Izarne Zelaiak eta Ametz de Miguelek irakurri zuten protesta amaierako adierazpena. Duela bi hilabete zendutako Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle eta euskaltzalea oroitu zuen Lamarainek: «Gure artean oso present jarraitzen dute hark eta hark utzitako ekarpen guztiek». 2011ko otsailean BERRIAk Txillardegiri eginiko elkarrizketa batean esandakoa —«Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe ziur ezetz»— izan zuen ahotan Lamarainek: «Argi zeukan bere lurraldean beharrezkoa ez den hizkuntza oro desagertu egiten dela eta hori ez gertatzeko euskarak lehentasunezko estatusa behar duela bere lurralde osoan». Haren iritziz, hizkuntza bat babesteko beharrezkoak diren legeez eta haren ospeaz lortuko du euskarak lehentasuna.

«Eguneroko borroka»

Estatus hori erdiesteko herrialde burujabe bat izatearen beharra adierazi zuen Lamarainek, uste baitu Espainiak eta Frantziak ez diotela lehentasuna izateko aukera ematen euskarari: «Euskararen beharrezkotasuna ukatzen duten legeek hizkuntzaren desagerpena daramate». Nolanahi ere, burujabetzaren zain ez egoteko, menpeko jarrerak gainditzeko eta euskarari lehentasuna emateko eskatu zuen Lamarainek: «Egitea eta eragitea, hori dagokigu euskaldunoi. Euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu. Eta ingurukoek ere hautu hori egiteko eragin behar dugu». De Miguelek, berriz, ezinbesteko iritzi dio hizkuntza politika eraginkor bat indarrean jartzeari, baina herritarren jokabidearen garrantzia nabarmendu du.

Euskara erabiliz gizartean eragitea da, hain zuzen, EHEk herritarrei eskatutakoa. Inguruaren eraginez erdaraz hitz egitera pasatu beharrean, Zelaiak nahiago du ingurua euskaldundu: «Gure hitzen ekintzaz kutsa dezagun jendea, herri txiki honetako azken biztanleak ere euskara beharrezko, ezinbesteko dugula sentitu arte». Horretarako, beharrezkoa da, De Miguelen hitzetan, konplexuak alboratu eta euskaraz harro egitea. Euskaraz egitea hautu bat, «eguneroko borroka» dela uste du Lamarainek, baina erantsi du gehiago izan behar dutela euskaraz bizitzeko nahiak eta horri jartzen zaizkion trabak gainditzeko ausardiak eta harrotasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.