HEZKUNTZA

Euskarazko 120 irakasle postu atzeratu egingo ditu Nafarroako Gobernuak

Espainiako Gobernuaren helegitea dela eta, lanpostu batzuk atzeratu egin ditu Hezkuntza Departamentuak: denak euskarazkoak. Lan eskaintzaren banaketa hau da: 108 postu euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Zerrenda bakarrik ez da izango.

UPNko buru Javier Esparza eta Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko otsailaren 4a
07:30
Entzun

Aurreko agintalditik pilatuta zetozen irakasle postuen aurka helegitea jarri du Espainiako Gobernuak, eta Hezkuntza Departamentua aztertzen ari zen zer egin lan eskaintzarekin, “segurtasun juridikoa” bermatzeko. Datorren asteko gobernu kontseiluan hartuko du erabakia, atzo azaldu zuenez. Sindikatuekin, ordea, bihar du bilera, eta jakinarazi die zein izango den proposamena. Atzeratu egingo ditu 120 postu, denak euskarazkoak. Horiez gain, hamalau ikuskari postu ere atzeratuko dituzte.

BERRIAk eskuratu ahal izan du gobernuaren proposamen taula. Espezialitateka banatuta ageri dira postuak hizkuntzaren arabera, eta gehituta, hau da emaitza: 108 postu euskaraz, eta 92 gaztelaniaz. Orain arte Hezkuntza Departamentuak egindako proposamena hau zen: 228 euskaraz eta 92 gaztelaniaz.

Lan eskaintza horrek polemika eragin du gobernuari eusten dioten alderdien artean, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ez dutelako banaketa hori ontzat jo, nahiz eta gobernuak behin eta berriz adierazi duen irizpide teknikoetan oinarritua zegoela —PAI Ingelesez Ikasteko Programa zabaltzearen eraginez, gaztelaniazko irakasle elebakar gehiegi dago eskoletan, datu ofizialen arabera—.

Espainiako Gobernuaren helegiteak airean jarri zuen lan eskaintza, eta, hori saihesteko, auzitan dauden 120 postuak atzeratzea erabaki du departamentuak. Hartara, segurtasunez atera ahalko ditu 200 postu horiek. Bidenabar, lau alderdien artean sortutako polemika ere isilduko du, euskarazko 120 postu horiek atzeratuta.

Presio egiten aritu dira sindikatu batzuk, eta pozarren hartu dute gobernuaren erabakia. CCOOk, adibidez, presazko agerraldia egin du Iruñean: “lan eskaintza aurrera aterako da gobernuak CCOOren eskaintza onartuta”, esan du.

Zerrenda bakarraren gaia da beste mugarria. Nahiz eta irakasle elebidunak izan, euskaraz badakiten irakasleek ezin dute gaztelaniazko zerrendetan ere aurkeztu: edo euskaraz, edo gaztelaniaz. Muga hori bertan behera uzteko eskatu dute sindikatu abertzaleek, irakasle elebidunei kalte egiten dielako; EH Bilduk ere eskari hori bera egina du. Beste erkidegoetan hala egiten dute. Gobernuak, baina, ez du aintzat onartu eskaria oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.