Euskarazko irakaskuntza babestuko dute urriaren 10ean Baionan

Giza katea antolatu dute Euskal Konfederazioak eta hezkuntza eragileek, Frantziako Gobernuak euskarazko irakaskuntzaren kontra egindako erasoak salatzeko. Alsazian, Bretainian, Flandrian, Korsikan eta Okzitanian ere eginen dituzte mobilizazioak egun horretan, Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta.

Euskalgintzak eragileen prentsaurrekoa gaur goizean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 10a
11:31
Entzun

Batasun irudia eman dute gaur goizean Euskal Konfederaziak eta euskarazko irakaskuntzaren alde lanean ari diren hezkuntza eragile nagusiek, euskarazko irakaskuntzak Ipar Euskal Herrian jasotzen dituen erasoak salatzeko. «Lanjerrean» ikusten dute, eta beldur dira Frantziako Hezkuntza Ministerioa euskarazko irakaskuntzaren sail guzietan gibel egiteko «ate bat irekitzen» ari ez ote den. Mobilizatzera deitu dute, urriaren 10ean, Frantziaren meneko lurraldeetan hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren beste 30 eragilerekin batera. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baionan izanen da mobilizazioa: giza katea eginen dute 11:00etan, Rene Cassinen sorlekutik Baionako suprefeturaraino.

Bi kasu nagusi aipatu dituzte euskarazko irakaskuntza jasaten ari den erasoak aipatzeko. Batetik, Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskolako «murgiltze» esperimentazio proiektua baztertu izana, Frantziako Konstituzioaren argumentua erabilita. «Ez dugu onartzen, eta ez dugu onartuko», adierazi du Celine Etxebarne Ikas Bi guraso elkarteko koordinatzaileak. Arrazoi «ideologikoak» ikusten dizkiote erabakiari, azken urteetan egin diren ebaluazio guziek erakusten baitute osoki euskaraz ari diren ikasleek emaitza hobeak lortzen dituztela, bai euskaran, bai beste ikasgaietan. «EEP Euskararen Erakunde Publikoaren barruan izan den elkarlana ukatzen du, eta ostiko handi bat ematen dio hizkuntza politika publikoari. Murgiltze eredua ez bada hedatzen, gure hizkuntzarenak egin du», adierazi du.

Bestetik, salatu dute aurten prestakuntzatik atera diren euskarazko hamabost irakasleetatik 11 frantsesez irakasteko postuetan izendatuak izan direla, Ipar Euskal Herrian eta Biarnon. «Irakasle eskasean izanik, Hezkuntza Ministerioak frantsesez irakasteko beharrei aurre egiten die», deitoratu du Jessica Dordeins Narzabal Biga Baiko kideak; onartuko ez duten «marra gorri bat» gehiago. «Euskarazko irakasleak frantsesezko postuetan emanez, irakaskuntza elebidun osoa da lanjerrean emana. Irakasle euskaldunak kanpora bidaliz, beharrezkoak ditugun irakasle euskaldunik gabe geldituko baikara». Oroitarazi du, gainera, behin baino gehiagotan gertatu izan dela irakasle euskaldunak eritzean frantsesezkoekin ordezkatu izana. «Luzaz, euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintzaren hedapena irakasle eskasez trabatua izan da. Gaur egun, ulertezina da horretarako prestatu diren pertsonak ez daitezen klase elebidun gehiago irekitzeko erabili». 11 irakasle horiek lehenbailehen euskarazko postuetan ezartzeko eskatu dute.

Euskaltzaleentzako deia

Euskalgintzako eragileen hitzetan, bi erabaki horiek «argiki urratzen dute» ikasleek euskaraz ikasteko eta irakasleek euskaraz irakasteko duten eskubidea. Horregatik, euskal gizarteari eta euskaltzaleei dei egin diete Frantziako Gobernuak hizkuntza eskubideak «zangopilatzen» dituela salatzeko.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak oroitarazi du iazko irailean sortu zela Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboa, lizeoetako erreformak hizkuntza gutxituen irakaskuntzan duen eragin «desmasien» kontra. Frantziaren meneko lurraldeetako 30 eragile bildu ziren, eta Frantziako 150 parlamentariren babesa jaso zuten haien aldarrikapenek. Iazko azaroan, mobilizazio bat antolatu zuten Parisen, eta Hezkunza Ministerioarekin bilkura bat egin zuten, baina «jarrera itxia» erakutsi zutela adierazi du. Geroztik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari ere egin diote bilkura eskaera, baina hark Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren esku utzi zuen. Gaur-gaurkoz, bilera baten esperoan segitzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.