Aspalditik daramagu osasun publikoa euskalduntzeko kanpainak eta ekitaldiak sustatzen. Baina oraingoa oso garrantzitsua da, egoera gero eta okerragoa baita. Atzera egiten ari gara». Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kide Jabier Agirrek hala azaldu du Donostiako Bagera euskaltzale elkartearekin batera hasiko duten kanpainaren garrantzia. Herritar askok ezin dute osasun arreta euskaraz jaso, eta hori «onartezina» iruditzen zaie. Horrenbestez, dei egin diete hala nahi duten donostiarrei, familia mediku eta pediatra euskaldunak eskatzera. «Legez dagokien eskubide bat eskatzea baino ez da, eta uste dugu horrek balio dezakeela Osakidetzak ikus dezan sektorea euskalduntzeko egiten ari den politika ez dela egokia. Goitik behera aldatu behar du», nabarmendu du Agirrek.
Eskari horrek indar gehiago izan dezan, herritarrek bat egitea nahi dute. «Orain arte, bakarka egin denean, ez du emaitzarik ekarri. Kasu batzuetan, gaixoek ez dute ezta erantzunik ere jaso». Jarri dute eguna: maiatzaren 17an izango da, bi txandatan, 10:00etatik 12:00etara edo 17:00etatik 19:00etara. «Oso kontu sinplea da. Egun horretan eskaria egin nahi duten herritarrek beren osasun etxera joan beharko dute, esandako orduetan. Han egongo gara OEEko eta Bagerako kideak, eta eskaria egiteko eskuorria betetzen lagunduko diegu».
Jendeari animatzeko eskatu dio Agirrek. «Ez daitezela etxean geratu, ezta gaztelaniaz artaditzatenkonformatu. Euskaraz kasu egin diezaieten nahi badute, eska dezatela. Horretarako eskubidea dute». Beste ohartarazpen bat ere egin du. «Taberna batean euskaraz kasu egiten ez badizute, alde egin dezakezu. Baina medikuarenetik, ez».
Erantzuna ona izatea espero du. «Hala bada, Osakidetzak ikusiko du arazo bat duela. Logistika arazo bat sortuko zaio, eta konpondu egin beharko du». Donostiakoa ondo ateratzen bada, Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetan egiteko asmoa dute.
Halako ekinbideekin euskaldunak ez diren osasun arloko profesionalak eta erabiltzaileak baztertzen dituztela egotzi izan diote OEEri. Agirrek ukatu egin du hori. «Gu ez goaz inoren aurka. Ez diegu euskaraz ez dakiten profesionalei lan egiteko eskubidea kendu nahi. Eskubide bat berma dezaten baino ez dugu eskatzen».
Hizkuntzaren garrantzia
«Oso garrantzitsua» iruditzen zaie hizkuntzaren gaia osasunaren esparruan. «Alor guztietan egon behar du bermatuta euskaraz bizitzeko eskubideak, baina osasun arretan funtsezkoa da. Medikuarekin oso norberarenak eta delikatuak diren gaiak tratatzen dira, eta hizkuntzak asko laguntzen du horretan. Osasuneko profesionalen eta gaixoen arteko konfiantzarako funtsezkoa da».
Agirrek iritzi dio, ordea, osasun arduradunek ez diotela behar besteko garrantzia eman gaiari. «Asko hitz egiten dute osasun zerbitzuaren kalitateaz, eta hainbat arlo aipatzen dituzte: ohe kopurua, itxaron zerrendak laburtzea... Hizkuntza, ordea, ez dute sekula aipatzen. Argi dago, baina, kalitatearen aldagairik garrantzitsuenetakoa dela».
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu denetik, gainera, «atzerapausoak» eman direla nabarmendu du. Adibide bat jarri du. «Eskatu genuen Osabiden, medikuaren eta gaixoaren arteko harremanerako plataforma digitalean, kutxatila bat jartzeko gaixoak harremana euskaraz edo gaztelaniaz nahi zuen aukeratzeko. Bengoak atzera bota zuen eskaria, datuen babeserako legea urratzen zuela esanez. Beste kontu batzuetarako, ordea, erraz izaten da datu dantza». Edozein ekinbide abiatzeko trabak jarri dizkiete. «Mediku euskaldunen errolda bat eskatzen saiatu gara, baina ez digute eman».
Osakidetzak berak hainbat ekinbide prestatu izan ditu, baina gero ez dituzte aurrera atera. «Mediku eta erabiltzaile euskaldunak identifikatzeko plana, adibidez, alde batera utzi dute. Euskaraz bai, sano! zen kanpainaren leloa, eta enpresa batek egina zuen dagoeneko identifikazio sistema». Kanpaina «egokia» zela nabarmendu du Agirrek. Identifikazio ikurra —estetoskopio bat e letrarekin— hainbat lekutan jartzekoak ziren: sendagile eta osasunekogainerako profesionalen jantzietan, itxaron geletan, erakusmahaietan... Osakidetzaren webgunean daude horri buruzko xehetasunak, hala eskatu baitzuen Eusko Legebiltzarrak. Osakidetzak, ordea, ez dio hasierarik eman. «Horrek erakusten digu zein den haien borondatea». Bengoak berak orain dela hilabete batzuk esan zuen azkarregi zihoala Osakidetzaren euskalduntzea.
Kontrakoa uste du Agirrek. Orain arte Osasun Sailak hasitako euskara planek «oso emaitza eskasak» izan dituztela esan du. «Garai batean, eskumenik ez genuenean, Madrili botatzen genion errua. Orain, Jaurlaritza da arduraduna».
Euskarazko osasun arreta berma dadin
Pediatra eta lehen arretako mediku euskaldunak eskatzeko kanpaina hasiko dute Osasungoa Euskalduntzeko Elkarteak eta Bagera Donostiako euskara elkarteak hilaren 17an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu