Iruñeko Udaleko Gobernu Batzordeak haur eta gaztetxoei oparitzeko euskarazko produktuen katalogoa ez banatzea erabaki du, proposatzen diren jostailu eta materialeek "Euskadiko eta Nafarroako foru erkidegoak batzea" bultzatzen dutela iritzita. Iruñeko Udalaren arabera, "legalitate politikoa" urratzen du Sakanako Zerbitzuen Mankomunitateak urtero argitaratzen duen katalagoak.
"Katalogoak berak eta aholkatzen dituen produktuek ez dute Nafarroako Foru Komunitatearen bereizketari dagokionez indarrean dagoen legedia errespetatzen", dio erabakiaren berri emateko Udalak plazaratu duen prentsa oharrak.
Urraketaren zenbait adibide ere jarri ditu. Besteak beste, katalogoan gurasoei zuzentzen zaien idatzian "Euskal Herri osoa" aipatzen dela salatu du, Nafarroa barnean hartuz.
Produktu zehatzei dagokienez, Agorila diskoetxearen Triki Traka: Euskal rock unplugged diskoaren azalean "Euskal Autonomi Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa batuta" ikus daitezkeela salatu du Iruñeko Udalak, "Euskal Herriko bandera bat gainetik dutela". Ikastolen Elkarteko Euskal Herriko gazteluak CDan Nafarroakoak ere sartzen dituztela kritikatu du, eta erakunde berak plazaratutako Euskopolis jokoan Nafarroako hiriak aintzat hartzen direla.
Euskarazko produktuen katalogoa ez du banatuko Iruñeko Udalak, "Nafarroa eta Euskal Herria" bereizten ez direlako
Sakanako Zerbitzuen Mankomunitateak argitaratzen du, eta haur eta gaztetxoei oparitzeko proposatzen dituen jostailu eta material didaktikoek "legalitate politikoa" urratzen dutela dio Iruñeko Udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu