Euskarazko hedabideetan publizitate gehiago jartzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. PSE-EEk eta EAJk adostu dute erdibideko proposamen bat, eta gobernuari eskatu diote “modu progresiboan” handitu dezala euskarazko hedabide ez-publikoek jasotzen duten kopurua.
Hekimen hedabide elkartearen arabera, EITB alde batera utzita, Jaurlaritzak publizitatearen %3 eskas inbertitzen du euskarazko hedabideetan. “Zifra oso murriztuak” dira, Jon Azkue parlamentari sozialistaren esanetan. Horregatik proposatu dute ehunekoa %15era igotzea. Azkuek gogora ekarri du Gipuzkoan 2010ean ezarri zutela portzentaje hori, EAJk proposatuta.
Eusko Legebiltzarrean, ordea, ehuneko hori ezartzearen aurka agertu dira jeltzaleak. Osoko zuzenketa jarri diote sozialisten proposamenari. Garbiñe Mendizabal parlamentariak adierazi du ez diotela “zentzurik” ikusten portzentaje zehatz bat jartzeari. “Hobe da arrazoizko irizpideak jartzea”.
Azkenean, adostasuna egin dute bi alderdiek, eta %15eko portzentajea kendu dute. Ez dute inolako kopururik aipatu. Akordioa goraipatu du Azkuek, “kontsentsua” duelakoan ezaugarri.
EH Bilduk abstentziora jo du. PSE-EEren jatorrizko proposamenarekin ados zeudela jakinarazi du Xabier Isasi parlamentariak, “minimoa” dela %15eko portzentajea ezartzea. Hori kenduta, ordea, eskas geratu da testua, haren ustez: “Ez du ezer argitzen, intentziotik harago”.
PPk eta UPDk kontra bozkatu dute. Carmelo Barrio PPko ordezkariak dio beharrik ez duela ikusten aldaketak egiteko: “Gizartean ez dagoen arazo bat ekarri duzue”. UPDko ordezkari Gorka Maneirok dio “politika publikoak zabaltzeko” dela publizitate instituzionala, eta hori “gastu txikienarekin” egin behar dela, “hizkuntza batean edo bestean”.