Eusko Jaurlaritza eta erakundeetan ordezkaritza duten alderdiak ez dira ados jarri biktimen aldeko Memoriaren Eguna elkarrekin ospatzeko bihar. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak jakinarazi duenez, Memoriaren Eguna ospatzeko adierazpen bat adostu nahi zuen Jaurlaritzak alderdiekin, testua erakunde guztietan irakur zedin, baina «ezinezkoa» izan da. Jaurlaritza «azken ordura arte» akordioa lortzen saiatu da, baina Bildu, EAJ eta PPrekin izandako «desadostasunen» ondorioz ez da lortu akordiorik, Aresek azpimarratu duenez.
Ados jarri ez direnez, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak erabaki du Patxi Lopez lehendakariak adierazpen bat irakurriko duela bihar Ajuria Enean. Jaurlaritzako sailburu guztiak alboan izango dituela irakurriko du Lopezek adierazpen instituzionala. Adierazpen horrek «biktima guztiak» gogoan izango ditu, baina horien artean «parekotasunik egin gabe», Herrizaingo sailburuak azaldu duenez. Adierazpen hori «koherentea» izango da lehendakariak berak Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko osoko bilkuran esandakoarekin eta azkenengo urtean biktimen arloan eman diren «aurrerapausoekin», Aresen hitzetan.
Eusko Jaurlaritzak beharrezkoa ikusten du Memoriaren Eguna ospatzea, «Euskadin gertatutako guztia ahatz ez dadin eta berriro gerta ez dadin». Hala, adostasunik lortu ez arren, Jaurlaritzak «erantzukizunez» eta biharko egunak eskatzen duen «mailaren arabera» jokatuko du, eta Memoriaren Eguna ospatu egingo du.
Joan den urtean, Eusko Legebiltzarrak «terrorismoaren biktimen oroimenerako eta omenaldirako» Memoriaren Eguna izendatu zuen azaroaren 10a. Aralar eta EA abstenitu egin ziren bozketa hartan, baina gainontzeko alderdiek aldeko botoa eman zioten ekimenari. Azaroaren 10a aukeratu zuten, hain justu, ez alde bateko ez besteko biktimarik egon ez den eguna baita.
Iaz ere alderdi politiko guztien adostasunik gabe ospatu zen biktimen aldeko Memoriaren Eguna. PSE-EE, PP eta EAJren babesa baino ez zuen izan orduko adierazpen instituzionalak. Terrorismoaren Biktimen Legean oinarritu zuten egun horretako testua, frankismoak eta estatu indarkeriak eragindako biktimak kanpoan utzita.
Jaurlaritzaren nahia zen joan den urtean lortutako adostasun hori «ahalik eta gehien zabaltzea», Herrizaingo sailburuak azaldu duenez. Hartarako, «testu alternatiboak» mahai gainean jarri dizkie Jaurlaritzak alderdiei, baina ez da posible izan adostasun nahikoa erdiestea, Aresen esanetan.
«Beste biktimena ez»
Izan ere, Memoriaren Egunean ETArenak ez diren gainerako biktimak gogoratzea alboratu du PPk. Leopoldo Barreda eledunak azpimarratu du «beste biktima batzuk» gogoan hartuta eta biktimen arteko parekotasuna bultzatuta ETAren biktimen memoria alboratu egiten dela. Memoriaren Eguneko «adostasuna» apurtu nahi izatea kritikatu du Barredak: «Terrorismoaren biktimen eguna da, ez beste memoria eta biktimena».
Ezker abertzaleak, berriz, ez du jarrera ofizialik hartu biharko ospakizunarekin. Rufi Etxeberriak esan du ezker abertzalea «larritasun egoeran» dagoela, erakundeetan ez dagoelako ordezkatuta, eta ezin duela jarrerarik hartu. Nolanahi ere, azpimarratu du biktimen auziak «hausnarketa bateratua eta sosegatua» eskatzen duela eta biktima oro aintzat hartu behar dela.
Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusiek jakinarazi dute Memoriaren Eguna ospatuko dutela bihar, lore eskaintza batekin. Biktimen oroitarrian egingo dute ekitaldia, goizeko hamaiketan.Julio Astudillo Batzar Nagusietako presidenteorde bigarrenak egingo du lore eskaintza, talde guztietako eledunekin eta mahaiko kideekin batera. Ondoren, bost minutuko isilunea egingo dute.
Eusko Jaurlaritzak adostasunik gabe ospatuko du bihar Memoriaren Eguna
Lehendakariak «biktima guztiak» gogoan izango ditu, baina «parekotasunik egin gabe»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu