Eusko Jaurlaritzak onartu du Madrilek agindutako osasun publikoko murrizketei aurre egiteko dekretua. Dekretu horren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoaren «statu quo-a» mantendu nahi du: biztanleei doako osasun sistema unibertsala bermatu, eta botiken doakotasuna krisi ekonomikoa pairatzen ari diren sektoreetara zabaldu. Denbora luzean langabezian dauden pertsonei eta gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei zabalduko zaie.
Rafael Bengoa Osasun sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak neurri horiek hartzeko eskumena duela. Legediak neurri horiek hartzeko aukera ematen duela azaldu du, eta aukera hori baino ez dutela baliatu. Bestalde, nabarmendu du dekretua babesteko aurrekontua badagoela eta Eusko Jaurlaritzak defizita txikitzeko planean eraginik ez duela.
Besteak beste, Jaurlaritzak 3 milioi euro jarriko ditu langabeek botiken truke ordaindu behar ez dezaten. Ordea, gastu horri diru sail berririk sortu gabe erantzungo diola azaldu du Bengoak. Bide batez, osasun sistema aztertu aurretik murrizketekin hasi izana egotzi dio Espainiako Gobernuari. Kexu da horrekin: «Herritarrei eragiten dieten erabakiak hartu dituzte etxean erratza ere pasatu egin gabe».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle guztiek larrialdi zerbitzuetara jotzeko eskubidea izango dute, baina ohiko osasun sistemara jotzeko gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte. Lehena Araba, Bizkai edo Gipuzkoan gutxienez urte batez erroldatuta egotea da. Bigarren baldintza da gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta edo horien pareko diru sarrerak izatea, eta hirugarrena, beste osasun sistema publiko baterako sarbiderik ez izatea.
Bengoak ez du argitu zer gerta tuko den baldintza horietakoren bat betetzen ez bada. Bihar emango ditu horri buruzko zehaztapenak, gaur arratsaldean osasun sailetako arduradunek Espainiako Osasun ministroarekin izango duten bileran esaten dena entzun ondoren.
Errehabilitazio programa
Bestalde, Osakidetzak errehabilitazio programa berri bat abiarazi du, Basurtuko ospitaleko Kardiologia zerbitzuarekin eta Bilboko eskualdeko lehen arretarekin lankidetzan. Programa horren bitartez bihotzekoak eman dien pertsonei bizitza «normalizatua» egitea erraztu nahi diete, hasieratik bertatik hasitako errehabilitazio egokiaren bidez.
Lehenik eta behin, gaixoaren bizimodua aztertuko dute programaren arduradunek, eta, gero, sendagileen zaintzapean gimnasioko lanarekin hasiko dira. Ospitaletik kanpoko faseari ekingo diote gero, eta medikuek aholkatutako ariketa fisikoa egiten segitzeko bultzada emango dute. Prozesu osoan mediku eta erizainen laguntza du. Bestalde, blog bat sortu du Osakidetzak, bihotzekoa izan duten pertsona guztien topaleku izan dadin.
Eusko Jaurlaritzak botiken doakotasuna zabaldu du
Hiru milioi euro jarriko ditu iraupen luzeko langabeek botikarik ordaindu behar izan ez dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu