AUTOGOBERNUA

Eusko Jaurlaritzak gaur egun duen aurrekontuaren bikoitza luke 1979ko estatutua beteko balitz

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldera igorriko dituen txostenak onartu ditu Jaurlaritzako gobernu kontseiluak.

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseilu osteko agerraldia. @JERKOREKA
jon olano
2015eko irailaren 15a
08:02
Entzun

1979ko estatutua "arriskuan" dago. Hala adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, gobernuak onartutako txostenetan oinarrituta. Erkorekaren esanetan, estatutuak "balioa galdu du gutxika", eta, besteak beste, Espainiako Gobernuak ezarritako "politika publiko uniformeak" jo ditu erantzule gisa. Halaber, azaldu du estatuak areagotu egin duela autonomia erkidegoen "jarduera finantzarioen gaineko kontrolak eta babes hierarkikoa", eta gaineratu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak babestu egin dituela Madrilen neurriak.

Estatutua onartu zenetik gaurdaino, "Euskadiren errealitate nazionala" ukatu dela ere nabarmendu du, eta salatu autogobernua "hutsaltasunera kondenatu" dutela.

Estatutuan jasotzen diren 24 eskumen transferitu gabe daude oraindik, Erkorekak gogorarazi duenez. Txostenetan ohartarazi dutenez, estatutua ez betetzeak "kalte ekonomiko argia" eragin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Zifra jarri diote kalte horri: Jaurlaritzaren aurrekontua egun duenaren "ia bikoitza" litzateke.

Txostenetan, Jaurlaritzak ondorioztatu du "arauak aldatu" behar direla "aldebikotasun eraginkorra" bermatzeko, "estatutua ez betetzearen kausak desagerrarazi eta euskal autogobernuaren berezitasun historiko-politikoa bermatze aldera".

Euskara, "bi edo hiru belaunalditan" bermatuta

Jaurlaritzak euskararen egoera ere aztertu du txostenetan. Azpimarratu du azken 30 urteetan euskara dakiten herritarren kopurua 14,5 puntu hazi dela eta 318.000 pertsona elebidun gehiago daudela gaur egun. Euskararekiko jarreraz, berriz, gogorarazi du herritarren ia % 90 euskararen erabilera sustatzeko neurriak hartzearen alde daudela.

Hori horrela, txostenak ondorioztatu du euskararen jarraipena "bermatuta" dagoela "hurrengo bi edo hiru belaunaldien artean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.