Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren arloko lege proposamena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, Gasteizen. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du euskal gizarteak eta erakundeek lan "garrantzitsua" egin dutela aitortzaren eta erreparazioaren arloan, eta, nabarmendu du kolektiboen arteko adostasun maila "handia" izan dela. "Gure asmoa da lan kolektibo hori elkarrekin amaitzea, eta memoria historikoaren eta frankismoaren inguruko batasuna zaintzea eta sustatzea", gaineratu du.
Erkorekak azaldu du Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioekin eta memoria historikoaren gaineko elkarteekin hitz egingo dutela, Gogora institutuaren bitartez. Gogoan izan behar da, ordea, EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek ere memoria historikoaren gaineko lege proposamen bat egin zutela irailaren 10ean. Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak egindako herri ekinaldi legegile baten ostean egin zuten proposamena. Izan ere, plataformak uztailean erregistratu zuen eskaria, baina bertan behera utzi zuen, Jaurlaritzak antzeko lege proiektu bat iragarri ondotik. Erkorekak azaldu du bi lege proposamenek "enbor komunak" izan arren desberdintasunak ere badituztela. Beraz, gaineratu du legebiltzarraren esku egongo dela proposamenetako bakoitzarekin zer egin erabakitzea.
Proposamenaren oinarriak
Egia, justizia, eta erreparazioa oinarri hartuta eginiko proposamenak dira aurreproiektuan jasotakoak, eta hamaika kapitulu biltzen ditu guztira. Horien barnean ezarritako helburuak zenbait dira. Gogora institutua Justizia Administrazioarekin elkarlanean arituko da, "biktimek justizia izateko duten eskubidea defendatzeko", besteak beste. Erkorekak gaineratu du hezkuntzari ere garrantzia emango diotela, eta, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako memoria historikoari lotutako espazioei eta ibilbideei garrantzia emango zaiela. Elkarteen mugimenduei ere aitortza egingo zaie.