Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ohar batean jakinarazi duenez, uko egin dio Subilla Gasteizen (Araba) Armentia II putzuan gasa ustiatzeari, Espainiako Kongresuan aste honetan Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua onartu ondoren; Senatura pasatuko da orain egitasmoa, eta hori litzateke onarpenerako azken urratsa. "Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak uste du ez duela zentzurik ustiatzeko aukerarik gabe Eusko Jaurlaritzak trantsiziokotzat jotzen duen energia iturri bat esploratzeak".
Ostegunean onartu zuten Kongresuan lege proiektua, tartean, EAJren eta PSOEren (Jaurlaritzan dauden bi alderdiak) aldeko botoekin. Baina, hasieran, Armentia II putzua esploratzen jarraitzeko asmoa agertu zuen Jaurlaritzak. Gaur zabaldu duten oharrean aitortu duenez, ordea, ez luke zentzurik izango horrekin hastea onartu berri den lege proiektuak gasa ustiatzeko baimenak eteteko helburua izanik. "Erabat baztertu" dutela dio oharrean: "Gorte Nagusietan izapidetzen ari den testuaren argitan, Armentia IIko putzuan gasa ustiatzea erabat baztertuta geratzen da". Izan ere, arau berriaren arabera, ez da baimen gehiago emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko.
Oharrean Jaurlaritzak gogoratzen du gasa ustiatzeko proiektua 2011n sortu zela, eta garai horretan kokatu behar dela. Gaineratzen du aldeko ingurumen baimena ere baduela, "2019an Trantsizio Ekologikoko Ministerioak berak egindako esplorazioaren izapidetzean aurrera egiteko". Dio lege berriak esplorazioa baimentzen duela, baina gasa ustiatzeko aukera bertan behera geratuko litzatekeela, eta ondorioz, atzera egitea erabaki duela: "Ez dago Euskadiko gas ustiapenari buruzko eztabaidarik".
Energiaren Euskal Erakundea (EEE) arduratuko da proiektua geratzeko modua aztertzeaz, Jaurlaritzak oharrean dioenez, "erabaki horrek EEEren mendeko SHESA sozietate publikoari dagozkion ondare eskubideak galtzea ekarri gabe". SHESA hidrokarburoen EAEko sozietate publikoa da, eta oharrean gogoratzen du Jaurlaritzak horrek bazkide batzuk dituela. Azkenik, energia berriztagarriko azpiegituren exekuzioa premiaz bizkortu behar dela dio, eta gogorarazi du badagoela parke eoliko berriak instalatzeko aurreikuspena.
Eztabaida sortu duen proiektu bat
Zalaparta sortu duen proiektua izan da Subilla Gasteizkoa: epaitegietan zegoen auzia. Izan ere, 2016an, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zuen Subilla Gasteizko Armentia II hobian gasa ustiatzeko, SHESA enpresaren bidez; Gasteizko Udalari zegokion baimen hori ematea. Talde politiko gehienek ezetz esan diote proiektuari instituzioetan; eragileak ere aurka agertu ziren, eta abenduan, hainbat astetako ika-mikaren ondoren, baimena bertan behera uztea erabaki zuen udalak, argudiatuta, besteak beste, ez zela bateragarria Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin; hor jasotzen da eremu horretan ezin dela halako jarduerarik egin. Hori ikusirik, Jaurlaritzak auzitara jo zuen.