Jaurlaritzak Armentia II esploratzeko asmoari eutsi dio

Espainiako Kongresuan onartu berri den klima aldaketaren legeak gasa ustiatzeko baimenak eteteko helburua du, baina Lakuak ez du etsi

Jone Bastida Alzuru.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak onartu egin zuen herenegun Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua. Senatura pasatuko da orain egitasmoa, eta hori litzateke onarpenerako azken urratsa. Arau berriaren arabera, ez da baimen gehiago emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko. Beraz, bertan behera geratuko lirateke SHESA hidrokarburoen EAEko sozietate publikoak gasa ustiatzeko dituen proiektuak. Eusko Jaurlaritzak, baina, atzo adierazi zuen Subilla Gasteizko Armentia II putzua esploratzeko asmoa mantenduko duela. Legea indarrean sartzeak, printzipioz, ez lioke eragingo Armentia IIn esplorazioak egiteko baimenari, arauak ez duelako atzeraeraginezko izaerarik, baina, hori bai, debekatu egingo luke han gasa ustiatzea.

Dena den, auzia epaitegietan dago. Izan ere, 2016an, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zuen Subilla Gasteizko Armentia II hobian gasa ustiatzeko, SHESA enpresaren bidez; Gasteizko Udalari zegokion baimen hori ematea. Talde politiko gehienek ezetz esan diote proiektuari instituzioetan; eragileak ere aurka agertu dira, eta abenduan, hainbat astetako ika-mikaren ondoren, baimena bertan behera uztea erabaki zuen udalak, argudiatuta, besteak beste, ez zela bateragarria Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin; hor jasotzen da eremu horretan ezin dela halako jarduerarik egin.

Hori ikusirik, Jaurlaritzak auzitara jo du. Orain, SHESAk jakinarazi du helegiteari eutsiko diola, eta klima aldaketaren legea behin betiko onartzen denean testua «arretaz» aztertuko duela, eremuan dituzten aukeren inguruan informatzeko. Eztabaida eta harrabotsa sortu duen proiektuarekin, Subilla Gasteizkoarekin, aurrera jarraitzeko asmoa agertu du, beraz, Jaurlaritzak.

Legeak jasotzen duen hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko baimenen ezeztatze hori, hain justu, adituen eta ekologisten aspaldiko eskaera bat izan da.

Urtaran, gustura

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea pozik agertu da Espainiako Kongresuak klimaren inguruko lege proiektua onartu duelako, eta hiri antolamenduko plan orokorra babesteko beharra nabarmendu du. Urtaranek aurretik ere esana zuen udalak baimena ukatzearen aldeko jarrerari eutsiko diola auzitegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.