Sei puntuko testua adostu dute EH Bilduk eta EAJk, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenaren harira, eta Elkarrekin Podemosek zenbait punturen alde bozkatu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengoak konstituzioa ez zuela babestu adierazi du osoko bilkurak onartu duen dokumentuak. Hori dela eta, konstituzioak "zilegitasun gabezia" duela nabarmendu du Eusko Legebiltzarrak. Horrez gain, tesuak dio konstituzioak "oinarri antidemokratikotik eta historikoki faltsutik" eraiki duela Espainiako Estatua. "Izan ere, batasun hori ez zen —eta ez da— Herrien atxikimendu librearen eta borondatearen ondorio".
Konstituzioaren erreforma galdegin du testuak. Erreforma horren helburua "gizarte-eskubideak blindatzea, askatasunak bermatzea eta aitortzea, modu federal edo konfederal batean antolatzea eta Estatuaren izaera plurinazionala eta eleaniztuna" jasotzea izan beharko luke. "Determinazio libreko printzipioa" aitortzea ere eskatu du legebiltzarrak.
Konstituzioak horretarako legezko heldulekurik baduela defendatu du adierazpenak. "Euskal Herriaren eskubide historikoak eguneratzeko interpretazio juridiko-politikoak" baliatuz lor daitekeela adierazi du ganberak.
Bestalde, estatuaren izaera monarkikoa kritikatu du. Haren esanetan, "gizarte demokratiko batean, herritarrak ordezkatzen dituen kargu publiko oro hauteskundeen bidez hautatu eta berritu behar da aldian-aldian". Testuak gaineratu duenez, "printzipio eta balio hori estatuko burutzari ere luzatu behar zaio".
Azken puntuan, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurreneko ospakizunetan ez parte hartzeko borondatea adierazi du legebiltzarrak.
Proposamena EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizarrek aurkeztu du. Haren esanetan, erabakitzeko eskubidea aitortu eta gauzatzeko, "teorian", Espainiako Gobernuarekin adostasuna bilatzea litzateke egokiena. Aldiz, "boterea Madrilen" dagoela nabarmendu du, eta hark ezartzen duela "markoa". Katalunia jarri du horren adibide. Erabakitzeko eskubidea onartu eta hari bide emateko Kataluniako Gobernuaren elkarrizketa eskaintzei Espainiako Gobernuak ematen dien "erantzuna ezezkoa da behin eta berriz", Urizarren hitzetan.
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Espainiako Konstituzioak demokrazia itxura hartzeko aldatu zuela estatuaren "irudia", baina "frankismoko estamentu guztien irautea bermatu" zuela. Urizarren iritziz, "estatu barruko nazioen ukazioa" da konstituzioaren oinarria. "Orain dugun markoa historian izan dugun onena baldin bada, zergatik ez zaio uzten jendeari bozkatzen?", galdetu du.
EAJko legebiltzarkide Joseba Egibarrek adierazi du konstituzioak ez duela "behar adinako babesik aldaezina den lege bezala aurkezteko". Gogorarazi du konstituzioa defendatzen duten alderdiek gehiengo kualifikatu bat lortzea ezinbesteko jo dutela EAEko autonomia estatutua erreformatzeko.
Egibarrek nabarmendu du konstituzioan aurki daitekeela "bide bat" erabakitzeko eskubidearen aitortzarako, "borondatea baldin badago". Konstituzioan eta Gernikako estatutuan eskubide historikoei egiten zaien aipamena jo ditu horretarako legezko helduleku egoki.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak nazio aniztasuna aitortuko duen konstituzioa galdegin du. Hernandezen esanetan, konstituzioak hainbat gizarte eskubide onartu zituen, baina legean jasotakoa ez da bete, eta egungo konstituzioak ez du balio behar sozialei erantzuteko.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak konstituzioa erreformatzearen alde agertu da, hura hobetzeko, baina hura "elkarbizitzaren aldeko itun handi bat" izan zela nabarmendu du. EAJri leporatu dio EH Bilduren "tranpan" erori izana. EH Bilduri, berriz, demokrazia "forma onekin" aipatzen duen aldi berean, "arauak eta prozedurak" ez errespetatzeko borondatea izatea egotzi dio.
PPko legebiltzarkide Borja Senperrek, berriz, "ordena konstituzionala iraultzea" ez dutela lortuko ziurtatu die EAJri eta EH Bilduri. Alderdi abertzaleak "elkarbizitza plurala" arriskuan jartzen ari direla ohartarazi du.
Astebete barru, abenduaren 6an, 40 urte beteko ditu Espainiako Konstituzioak. BERRIAk urteurrenari buruzko serie berezia argitaratu zuen joan den abuztuan. Konstituzioaren idazte prozesua, haren edukiak, sortu zuen sistema politikoa, erreferendumaren emaitza eta genero ikuspegia aztertu zituen erreportaje bilduman.