EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ALDERDIEN BALORAZIOA. Demokraziaren ospakizuna?

Ainhoa Larrañaga Elorza
2009ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Kanpaina eta hauteskunde eguna normaltasun osoz joan direla eta «Demokraziaren ospakizuna» bezalakoak entzun dizkiogu Eusko AlderdiJeltzaleko Iñigo Iturrateri. Fiesta de la democracia Rosa Diezi. Siesta de la democracia esan beharko litzateke. Lotsa behar da gero!

100.000 pertsonek euren burua hautestontzietatik kanpo ikusi dute eta kanpaina egiteko zailtasunak izan dira kanpainako ezaugarrietako batzuk. Atxiloketak, identifikazioak,... izan dituzte bidelagun kanpainan.

Zoriontzekoak dira ezker abertzaleak atera dituen boto nuluak. Hauek bai demokraziaren ospakizuna! Zoriontzekoak halaber, Aralarrek lortutako lau eserlekuak ere. Jokoz kanpo utzitako bederatzi eserleku, legitimo eta ilegalak dira, inolako erreparo eta lotsarik gabe PSOE, PNV eta PPren eserlekuak gizenduko dituztenak. Ez da erraza izango lau urte luzetan ezker abertzale ilegalizatuaren diskurtso politikoa egituratzea: ahotsik, botorik eta baliabide ekonomikorik gabe. Bestalde, betiko ezker abertzaleak badu zer hausnartua, ezkerretik herri hau eraikitzeko aukerari eutsi nahi badio. Bidea estutzen etabaldintzak gogortzen ari direnean ez da erreza aurrera egitea.

Eusko Legebiltzarren osaketa berrirako aukerak zabalik daude. PSE-EAJ bikoteak lehen ere izan zuten erromantzea eta udaberria bikote harremanak hasteko sasoi egokia denaz... Abertzaletasunaren ikuspegitik latzagoa den arren, PSE-PPren mamua ere hor dago. Zaila izango da espainolak bloke bateratu bat osatzea, besteak beste, gainerako erkidego autonomotan daukaten egoerak baldintzatuta daudelako.

PSE-EAJ elkartzeak ekar dezakeen pastela-ren banaketa estrategikoa ezaguna egiten zaigu. Patxi Lopezek garbi adierazi zuen Hezkuntzarekiko daukan ardura. Horixe izan daiteke ikuspegi ez abertzale batetik jaso dezakeen eserlekurik eraginkorrena. Gainerakoan ez du PNVrekin (ez Ibarretxerekin) alde handirik izango.

Orain arteko gobernu osaketari begira, EBk eta EAk zuten pisua guztiz galdu dute Aralarren mesedetan. Biek onartu dute euren porrota. Baina oso esanguratsua egin zait bai batak eta bai besteak, kanpainan ez bezala, porrota aitortzerako orduan erabili duten hizkuntza bakarra gaztelania izatea.

Ezkerreko alderdi subiranistek egin ahal izango duten lanari dagokionean ez gaude ez ospakizunetarako. Aralarren gorakadak (zoriontzekoa benetan), EA-ren porrotak eta ezker abertzalearen kanporatzeak, ez du ingurumari erakargarririk aurreikusten.

Panorama interesgarria datozen egunetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.