Izan ere, hauteskundeok «modu tranpatian» planteatu dira, Javier Madrazoren iritziz: «Zapaterok ondo baino hobeto zekien zertan zebilen ezker abertzalea legez kanpo utzi zuenean, oso helburu zehatzarekin egin baitu: PSE-EEri mesede egitea hain zuzen ere». Horren ondorioz, hauteskunde hauetatik ateratako Legebiltzarrak «defizit demokratiko eta zilegitasunaren murrizte nabarmenak» izango dituela, eta «zama hori agintaldi osoan eraman behar» izango duelaadierazi du Madrazok.
Mezu argia helarazi dio Madrazok PSE-EEko lehendakarigai Patxi Lopezi: «Hauteskundeak tranparik eta bidezidorrik erabili gabe irabazi behar dira, eta hori ez da oraingoan gertatu».
Herritarren kezketatik urrun
Ez da hori EB-Berdeek hauteskundeetatik ateratzen duten ondorio negatibo bakarra. Madrazoren esanetan, argi gelditu da «jarduera politikoa eta herritarren eguneroko kezkak elkarrengandik gero eta urrunago» daudela, eta abstentzio handia jarri zuen horren adibidetzat: «Parte-hartzea duela lau urte baino txikiagoa izan da, eta hura ere aurrekoa baino txikiagoa izan zen. Joera hori oso kezkagarria da».
Bipartidismoaren eragina eta ezkerrak mundu osoan nozitzen duen krisia ere aipatu ditu, EB-Berdeen porrotaren arrazoitzat: «Espainian eta Europan ere ezkerra desegituratuta eta indarrik gabe dago, ezkerreko tradizio handia duten herrialdeetan ere bai. Sakoneko korronte horiek eragina izan dute gurean ere».
Hala ere, EB-Berdeen proiektuak «bizirik» darraiela esan du Madrazok: «Erakundeetan ez ezik, kalean ere egin daiteke politika. Guk segitzen dugu gure proiektuan sinesten».
Nerbioak airean ibili diraBilboko Abando hotelean bildutako EB-Berdeen buruzagi eta kideak. Botoen %35 inguru zenbatuta zeudenean, ematen zuen koalizioak orain arteko hiru parlamentariei eutsi egiten ziela, eta gauzak apur bat lasaitu ziren, baina laster ikusi zuten Bizkaiko eta Arabako eserlekuak kolokan zeudela, eta tarteak oso txikiak zirela. Bizkaian, esate baterako, une batean 16 botoren aldean egon zen parlamentaria galtzea ala mantentzea. Azkenean, aurreikuspenik okerrenak bete ziren, eta ordezkari bakarra erdietsi du Ezker Batuak.