IKASTURTE HASIERA

"Exijentzia" areagotzeko deiarekin hasi dute ikasturtea EHUn

Ikerketarako finantzaketa handiagoa eskatu du Balluerka errektoreak, eta autonomia. Unibertsitate publikoan jarduteak "obligazioak" ere badakartzala ohartarazi du, eta ahalegina eskatu die unibertsitateko kide guztiei, "etengabeko exijentzia".  

Nekane Balluerka EHUko errektorea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria EHUren ikasturte hasierako ekitaldian, gaur. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko irailaren 14a
10:01
Entzun

Ikasturtea hasteko ekitaldi ofiziala egin dute EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Nekane Balluerka errektorearekin batera, han izan dira unibertsitateko kide ugari, bai erakundeetakoak ere; Eusko Jaurlaritzatik, adibidez, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua.

Balluerkak lehen ikasturte hasiera izan du errektore gisa, iazko azaroan hautatu baitzuten errektore. Aldaketa asmo batzuk agertu ditu. Irakaskuntzan, adibidez, "jauzi kualitatibo bat" eskatu du, adibiderako txandakako prestakuntza aipatuta. Ikerketan, finantzaketa handiagoa galdegin du; errektorearen arabera, Europako inbertsioaren parekoa da Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa ikerketan eta garapenean, baina, unibertsitatearen esparrutik begiratuta, Europaren azpitik dago. "Euskal Herrian, beste eragile eta sektore batzuek exekutatzen dute Europan unibertsitateek exekutatzen dutena". Ikerketarako araudi propioa eskatu du, bidenabar.

Horrekin batera, ahalegina egin beharra izan du hizpide Balluerkak: "Hezkuntza publikoak eskubideak eta betebeharrak dakartza". Ikasleei, ikertzaileei eta langile guztiei eskatu die esfortzua. "Gure gizarteak erantzukizun kualifikatua badu unibertsitate publikoarekin, unibertsitate publikoak ere badu betebehar kualifikatu bat gizartearekin".

Urkullu lehendakariak "lankidetza" eskatu du EHU garatzen jarraitzeko. Ikasleak lan arlora gerturatzeaz ere aritu da. Unibertsitate plana datorren urtean amaituko da, eta hurrengoa prestatzen hasiko direla iragarri du Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.