Departamenduetako bozak. Elkarrizketa. Joana Urbistondo. EH Baiko hautagaia

«Ez da sorpresa izan, hemengo beharrak ezagutzen baititugu»

«Baikorrak» iruditzen zaizkio EH Baik lortutako emaitzak Joana Urbistondo Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazuriko hautagaiari. Bigarren itzulian ariko da bera ere, eta aitzina egin nahiko luke.

Joana Urbistondo (erdian), Departamendu bozei buruzko mahai inguru batean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Jendearengandik hurbil delako. Horregatik lortu ditu emaitza onak EH Baik, eta horregatik segi dezake oraindik ere aitzina egiten, Joana Urbistondo Sarako hautagaiaren ustez. Kanpo gelditu diren kantonamenduetarako ez dute irizpiderik emanen: «Herritarrek ikusiko dute».

Zein balorazio egiten duzue EH Baik lehen itzulian lortutako emaitzen inguruan?

Balorazio oso baikorra. Erakusten du alternatiba erreal bat garela Euskal Herrian, ongi errotua den mugimendu bat, pixkanaka beti gorantz doana.

Bost kantonamendutan lortu duzue bigarren itzulira pasatzea. Espero zenuten?

Bai. Xantzak bagenituela bagenekien, hala ere. Gero, zein kantonamendutan, ez zen aurretik deus errana, baina posibilitatea bagenuela bai. Erakusten dugu, azken finean, herritarrak ordezkatzen ditugula. Hori sentitu dugu kanpaina garaian ere: guztien interesak defenditzen ditugula, eta herritarrek jakin izan dute hori sentitzen.

Kantonamendu batzuetan aurreikus zitekeen EH Baik indarra lortzea, adibidez, Errobi-Aturrin. Besteetan agian ez hainbeste: Donibane Lohizunen eta Bidaxune aldea-Amikuze-Oztibarren.... Sorpresa hartu duzue?

Donibane Lohizunen eskuina zatikatua joan da, eta horrek ere balio izan digu. Besteetan, pentsatzen dut herritarrek sentitu dutela bertako arazoak hunkitzen ditugula, eta betiko alderdien, hau da, UMP eta PSren parean ikusten dute alternatiba garela. Ez da hainbesteko sorpresa ere, zeren eta beharrak ezagutzen ditugu, eta erantzun horiek biztanleek sentitzen dituzte.

Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazuri kantonamenduan ere ez zenuten erraza. Zein balorazio egiten duzue emaitzez?

Emaitza oso baikorrak dira. Herriko hauteskundeetan ere positiboak izan genituen, aski xantza bagenuela pentsatzen genuen, eta baieztatu egin da.

Emaitza baikorrak dituzuela diozue. Hala ere, 2008 eta 2011ko emaitzak gehituta, eta Alain Iriartek atera zituenak ere kontuan hartuz, emendatze hori ez da erreala kopuru absolututan.

Ikusi behar da zer parte hartze izan zen orduan, ez ditut datu horiek: xehetasunetan ez naiz sartuko. Hala ere, jendea joan da bozkatzera, orokorki. Kantonamendu guzietako emaitzak ez ditut, baina Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazuriko kantonamenduan joan da bozkatzera jendea. Argi dudana da gure posizioa mantentzen dugula eta azkartzen dugula. UMP eta PSren parean gara, alternatiba baten moduan. Ez gara gehiago ondotik ibiltzen.

Baiona, Angelu eta Miarritzen, aldiz, emaitza okerragoak lortu ditu EH Baik.

Betiko alderdiak hor dira, eta Fronte Nazionalak ere goraka egin du. Baina FN ez da alternatiba bat Euskal Herrian. UMP eta PS betiko alderdiek erakutsi dute porrota dela horien betiko politika, tratuetan oinarritua dela, eta ez duela jendea hunkitzen. Ikusten da jendea aspertua dela eta FNrena da pixka bat haserre boz bat. Baina ez du FNk proposamen eraikitzailerik, ez du sustrairik hemengo jendartean. Zinez haserre boz bat da beste betiko alderdiekiko.

Bigarren itzuliari begira zein asmo duzue?

Guk erraten duguna da politika beste manera batez egin nahi dugula. Ez dugu funtsik gabeko tratuetan sartu nahi: horietatik kanpo egon nahi dugu. Alde batetik, taldean bozkatzen ditugu erabakiak: atzo [herenegun] 270 pertsona ginen bozkatzen, norberaren interes pertsonalik gabe. Zuzenagoa da gure proposamena, herritarrekin egina eta demokratikoagoa. Hemengo beharrei nahi diegu erantzun bat ekarri, eta horregatik sentitzen dugu gu garela indar apropos bat horrentzat. Eskuak garbi nahi ditugu, eta Pauera joan [Okzitania], baina tratu horietatik kanpo.

Ez duzue hitz eginen, beraz, bertze alderdiekin?

Printzipioz guk nahi duguna da bertako jendea ordezkatu, baina ez dugu alderdiekin hitz egin nahi. Irekiak gara jendearekin hitz egiteko, gure balioak ezagutarazi eta partekatzeko. Elkartasuna eta irekiduran oinarritzen gara, eta hunkituko ditugu boz-emaileak. Horiei nahi diegu zuzenki hitz egin: esplikatu zein diren gure balioak, gure erronkak, eta horiek behar dute sentitu EH Bairen parte. Oraingo egoera instituzionalean aterabide bat garela nahi diegu azaldu, eta horretarako gomitatzen ditugu gurekin parte hartzera.

Bigarren itzulian baduzue xantzarik kantonamenduren batean irabazteko?

Uste dut baietz. Jada bada Alain Iriart kontseilaria dena; beraz, normalki ez luke horrek arazorik izanen. Ez naiz aitzinatuko, baina uste dut kantonamendu denetan ongi garela.

Bigarren itzulira pasatu ez zaretenetan nola jokatuko duzue?

Ez da kontsignarik. Herritarrek berek ikusiko dute zer egin. Bistan da ezkerrerantz partekatzen ditugula ideiak, baina maila horretan ez dago kontsignarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.