Txomin Jauregi. 'Deskontu.com'-en sortzailea

«Ez dakit eskaintza bidezko salmenta moda bat ote den, edo betiko iraungo duen»

'Deskontu.com' webgunean produktu eta zerbitzuak jartzen dira salgai egunero, gutxienez %40ko beherapenarekin. Arrakasta handia lortu dutela dio Txomin Jauregi sortzaileak, «ahoz aho» zabaldu baita.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago dira sarean beren proiektuak abian jartzen dituzten Interneteko ekintzaile euskaldunak. Haien esperientziak ezagutarazteko Betor hitzaldiak antolatu dituzte BERRIAk, Codesyntaxek eta Enpresa Digitalek. Hizlarien artean izango da Txomin Jauregi (Donostia, 1978), Deskontu.com webgunearen sortzailea. Gaur, arratsaldeko seietan, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean arituko da; proiektu berritzaile eta arrakastatsuak ezagutzeko jakin-mina duen edonorentzat da, eta bere webgunearen berri emango du.

Zer da Deskontu.com, nola funtzionatzen du?

Deskontu.com webgune bat da, egunero produktu edo zerbitzu baten eskaintza berri bat argitaratzen duena. Eskaintzok, baina, gutxienez %40ko beherapena dute; hau da, produktu edo zerbitzu hori dendan baino merkeago lor daiteke webgunean. Salmenta epea 24 ordukoa da, eta, eskaintza bakoitzaren baldintzen arabera, hilabete bat, bi edo hiruko epea du erosleak hura kontsumitzeko.

Zeintzuk dira abantaila nagusiak?

Erabiltzaileek prezio onean eskura ditzakete produktuak, edo plan zoragarri batez goza dezakete. Negozioarentzat, bestalde, publizitatea egiteko modu berri bat, kostu kontrolatu batean erabiltzaile horiek haien negozioetara erakartzeko bidea. Ongi eginez gero, win-win-win plataforma dat da: erabiltzaileak, negozioak eta guk irabazten dugu.

Zein eratako eskaintzak eskura ditzakete erabiltzaileek?

Mota guztietakoak: jatetxeak, ile apaindegiak, lilura tratamenduak —ohikoenak eta gehien saltzen direnak—. Baina gauza ezberdin eta bitxiak eskaintzea ere oso garrantzitsua da guretzat; hala nola gaztaina erreak, txinera ikasteko eskolak edo atoia gidatzeko gidabaimenak. Horrela, gure erabiltzaileengan irrika sortu nahi dugu.

Harrera ona izan al duzue?

Bai, harrera primerakoa izan zen lehen egunetik, gauza berria izan zelako. Eskerrak ematen hasiko banintz, ezingo nuke bukatu! Lehen egunean, lehen eskaintzan, 60 salmenta egin ziren, eta horrek izugarrizko indarra eman zigun aurrera jarraitzeko eta eskaintza interesgarriak lortzeko.

Facebooken ere baduzue zuen orrialdea. Horri esker jende gehiagorengana iritsi zarete?

Facebook eta Twitter bitartez jakinarazten ditugu eguneko eskaintzak, eta bien erabilera oso garrantzitsua izan da hasieratikDeskontu.com ezagutarazteko. Ez dugu beste motatako publizitaterik egiten, emaitza onik lortu ez dugulako. Gaur egun 14.000 bisita inguru ditugu, eta bi sare sozialek asko lagundu dute erabiltzaile horiek erakartzen. Izan ere, arrakasta ahoz ahoko komunikazioaren ondorioa izan da. Badakigu lantegi askotan «Zer dago gaur Deskontu-n?» galdegiten diotela elkarri, eta horri balio handia ematen diogu guk.

Deskontu-hiriak Donostia, Logroño (Espainia) eta Bilbo dira, baina eskaintzak hortik kanpokoak ere izan daitezke, ezta?

Eskaintzak edozein erabiltzailerentzat izaten dira, eta eskaintzaileak ere edonongoak izan daitezke, beti ere erabiltzaile horien gustuko badira.

Beste herri edo hirietara zabaltzeko asmoa duzue?

Bai, urriaren erdialdera Zaragozan (Aragoi, Espainia) hasiko gara, eta, ziurrenik, azaroaren lehen egunetarako Iruñea eta Gasteizen ere eskainiko ditugu deskontuak.

Nola lortzen dituzueeskaintzak?

Hasieran atez atez ibili ginen, izugarrizko lan komertziala eginaz. Egun askotan arratsaldeko serietan hurrengo egunerako eskaintzarik gabe geunden! Pixkanaka, eskaintzek zuten arrakasta ikusirik, saltokiek Deskontu.com-en berri eman zioten elkarri, eta orain haiek dira gurekin harremanetan jartzen direnak.

Etorkizunera begira, zein da webgunearen helburua?

Egia esan, ez dakit; ez dakit hau moda bat ote den, edo betiko iraungo duen gauza bat den. Ez dakit merkatuak norantz egingo duen. Gure lana adi egotea da, eta aldaketak daudenean haietara azkar egokitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.