Espainiako Gobernuak ez ditu aldatuko gaixotasun larriak dituzten presoak baldintzapean aske uzteko Espainiako legedian ezarritako baldintzak. Hala adierazi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Hego Amerikako zenbait gobernutako barne ministroekin egindako bilera batean egin ditu adierazpenok Fernandez Diazek. Kazetarien galderei erantzunez, adierazi du gaixo larri diren hamahiru euskal presok egin dutela baldintzapean aske uzteko eskaera, baina ziurtatu du preso horiek ez dituztela legediak ezarritako baldintzak betetzen. Hala ere, eta baldintzak betez gero, haiei ere legediak dioena ezarri beharko litzaiekeela adierazi du. «Pertsona horiek eta beste batzuek baldintzak betetzen badituzte, legedian aurreikusita dagoena ezarri beharko da». Gaineratu du, halaber, presoen eta ETAren biktimen elkarteen «eskaera eta presioek» ez dutela eraginik izango Espainiako Gobernuaren jarreran, «jartzen diren bezala jarrita ere».
Espainiako legediaren arabera, preso bat baldintzapean askeuzteko, presoaren gaixotasunak larria eta hilgarria izan behar du. Etxerat-en ustez, egoera horretan daude ministroak aipatutako hamahiru presoak.
Aurreko asteko asteazkenean Espainiako Auzitegi Nazionalak Josu Uribetxebarria presoa baldintzapean aske uztea berretsi zuen, eta, atzo, Angel Juanes auzitegi horretako presidenteak epaileen erabakia babestu zuen. «Gobernuak ezartzen du espetxe politika, eta horren arabera erabakitzen dute epaileek. Epaileak independenteak dira, eta haien jarduna botere politikotik kanpo dago», adierazi du Juanesek. Erabakian epaile aurrerakoi eta progresistak parte hartu izana nabarmendu du, eta Fiskaltza eta garrantzia kendu dio auzitegi medikua baldintzapean aske uztearen aurka agertu izanari. «Ez da lehenengo aldia izan, eta ez da azkeneko aldia izango».
Urte judizialari hasiera emateko Auzitegi Gorenean atzo eginiko ekitaldiaren amaieran egin zituen adierazpen horiek Juanesek. Ekitaldi horretan, Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusia izan zen, eta iazko jardunari buruzko memoria aurkeztu zuen. Testuan nabarmentzen denez, «ETAren jardun armatuaren amaiera ez da behin betikoa», eta «armetara itzul daiteke, bere helburuak lortzen ez baditu».
«Ez ditugu aldatuko preso gaixoentzako baldintzak»
Fernandez Diaz Barne ministroak esan du aske uzteko eskatu duten hamahiruek ez dituztela baldintzak betetzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu