Agerraldi jendetsua izan da gaur goizean Iruñean, eta bertan ordezkatuta zeuden eragile politiko, sozial eta ekonomikoek gobernuari eskatu diote "berehala" askatzeko Parot doktrinaren eraginez espetxean jarraitzen duten ETAko presoak. Eskaera sinatu dutenen artean daude, besteak beste, EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdiak (EA, Aralar, Sortu eta Alternatiba), LAB, ESK eta EILAS sindikatuak, eta Etxerat, Eleak, Ernai eta EPPK.
Eva Aranguren EH Bilduko Iruñeko zinegotziak eta Xabier Barber ESK-ko kideak irakurri dute sinatu duten agiria. Azpimarratu dute Parot doktrinaren eraginez espetxean jarraitzen duten presoek bete dutela espetxealdia, baita hori baino gehiago ere. Erabakia horregatik "berandu iritsi dela diote"; Ines del Rioren kasuan, "bost urte berandu". "Ez zen beharrezkoa Europaraino iristea, Espainiako judikaturak eta eliteek bazekitelako doktrina zuzenbidearen kontrakoa zela".
Del Rio aske uztea "albiste ona" dela adierazi dute, eta gatazkaren konponbiderako eta bakerako bidea erraztuko duela. "Estrasburgoren erabakiarekin ez du Ines del Riok irabazi, ezta ETAk ere, euskal gizarteak eta Espainiako gizarteak irabazi dute. Bidegabekeria bat eta giza eskubideen urraketa bat konpondu dela gaineratu dute: "Kasu honetan hori zegoen jokoan".