Presoen egoera. Amaia EsnalJoxean.Xabier.Kontatu nirekin.Pello.Galdera. Egin Dezagun Bidea-ko kidea

«Ez dugu emango mobilizazioaren eragina indargabetzeko aitzakiarik»

Mobilizazioa «desitxuratzeko» ahaleginak egin direla salatu du Esnalek, baina horretarako aukerarik ez dutela utziko gaineratu du.

BERRIA.
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Egin Dezagun Bidea mugimenko kidea da Amaia Esnal, eta Berria.info-ko irakurleen galderei erantzun die mugimenduak larunbaterako antolatu duen mobilizazioaren inguruan.

Kaixo, Amaia: Kolosala izango da manifestazioa, seguru. Zuek egindako lanari eta aldebakartasunaren eragin politikoari esker, batik bat. Aldebikotasuna, bistan da, presoen eskubideen alorrean hasi daitekeelakoan nago. Nola egin lehenbailehen eta konponbide integralaren klabean izan dadin?

Lehenik, larunbat honetan Bilboko kaleak kolapsatuz; bigarrenik, aldarrikapen zehatzen inguruan dinamikak sortuz eta horien inguruan konpromiso zabala eta inplikazio sendoa bilduz, gobernuan presio sozial handia eraginez. Azken batean, konponbide prozesuari oztopoak jartzen dizkioten indarrak politikoki eta sozialki bakartu eta heldulekurik gabe uzteko bide bat egin beharko da, gehiengo indarrak antolatuz. Pazientzia eta luzera begirako ikuspegia garrantzitsuak izango direla uste dut.

Nola sentitzen duzue herriaren babesa, eta politikari eta instituzioena?

Euskal preso politikoen eskubideen aldeko jarrera nabarmen handitu da azken hilabeteetan. Horretaz gain, eragile batzuen aldetik konpromisoa ere areagotu egin da, ekitaldietan inplikatuz eta iniziatiba propioak garatuz. Herritarren artean, mobilizazio orokorraren inguruan egin den kanpainak erakusten du gorakada hau: zazpi astean 15.000 atxikimendu inguru, horien artean 600 elkarte edo eragile, 300 autobus inguru beteta, e. a. Badira hainbat alderdi politiko eta instituzio, aldarrikapen horiekin bat egin arren, gure ekitaldietan parte hartzen ez dutenak. Hori ere landuko dugu aurrerantzean, elkarlan bide berriak saiatzeko.

Hasteko, eskerrak! Zorionak, bigarrenik, atxikimendu oldeagatik! Pentsatzen dut EAJrekin eta EBrekin kontaktatuko zenutela, haiek ere parte har zezaten, zein da ezezkoaren arrazoia? Ez al dute, gutxienez, Espainiaren legea betetzea nahi? Pena da! Besarkada bat bahituta daudenei!

EAJ eta EB ados daude egiten ditugun aldarrikapenekin. Guri esan digutenaren arabera, EAJk lan egingo du presoen eskubideak bete daitezen, baina beste modu batzuetan, bere kabuz. Dena den, pentsatzen dut hauteskunde autonomikoak gertu egonik kalkulu politikoak egongo direla parte ez hartzeko arrazoien artean.

Iepa. Azpimarra saioan entzun dut manifestazioa isila izango dela! Zergatik? Zeren beldur gara? Argi dago oihuak «euskal presoak Euskal Herrira», «euskal presoak etxera» edota «presoak kalera amnistia osoa», «amnistiarik gabe, bakerik ez» izango zirela... Amnistia oihukatzearen beldur gara? Noiz arte egon behar dugu horrela?Noiz arte gure presoen argazkiak atera barik? Hau dena ere onartu egin behar dugu?

Gure ustez, historikoa eta dimentsio izugarrikoa izango da. Horren aurrean, mobilizazioaren helburuak eta eragina desitxuratzeko saio bat dagoela uste dugu, eta ez diogu asmo horri aukerarik eman nahi. Aski jakina da zer den Bilboko kaleetan aldarrikatuko dena, eta garrantzitsuena Bilbo jendez gainezka jartzea da, jendartearen gehiengoak kaleak betez hitz egingo du egun horretan. Ez diogu inori aitzakiarik eman nahi mobilizazio honen eragina zapuzteko. Mobilizazioak izango duen eragin itzelaren beldur direlako gertatzen da hau. Beldurra ez da gurea, gurea urrats erraldoia izango da.

PSEko batzuk ere hasi dira presoen hurbilpenaren inguruan solastatzen; denak dira presoak hurbiltzearen aldekoak, PP izan ezik. Posible ikusten duzu PSEko ordezkariren batzuk edo aldarrikapen horrekin bat egiten dutenak epe ertainean horrelako manifestazioekin bat egitea? Hau da, Frantzian PSk zenbait ekitalditan parte hartu duen moduan? Zuek nola ikusten duzue?

PSF eta PSEko jende batekin hitz egin dugu, kargudunak ez badira ere. Batzuek bat egin dute manifestazioarekin, eta etorkizunean era honetako mobilizazioekin alderdi gisa bat egitea zabalik dagoen aukera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.