«Ez dugu lurralde arteko osasun arreta aldatu nahi»

EAE eta Nafarroako osasun arduradunek «kasu bakantzat» jo dituzte Bortzirietan egondako kexak

Marta Vera eta Rafael Bengoa, atzo. MIKEL ARRAZOLA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
«Ez dugu lurralde arteko osasun arreta aldatu nahi; funtzionatzen duen zerbait ez dago zertan aldatu». Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak argi utzi nahi izan du Osakidetzak ez duela aldaketarik egin EAEko mugan dauden Errioxako, Kantabriako, Gaztela eta Leongo (Espainia) edota Nafarroako herritarren osasun arretan.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Marta Verarekin bildu zen atzo Bengoa. Osasun erakundeen arteko harremanaz hitz egin zuten, baita mugatik gertu bizi diren herrietako biztanleen arretaz ere. Orain arteko statu quo-a mantentzeko jarrera dutela berretsi dute, bai lehen arretan baita mediku espezialisten alorrean ere. «Beren erkidegoetatik kanpo dauden pertsonei arreta emateko konpromisoa dugu; beste erkidegoek Nafarroako biztanleekin hori bera egitea nahiko genuke, eta hori ari dira egiten», dio Verak.

Bide batez, Bengoak nabarmendu du zerbitzu horietan ez dela egon inolako aldaketarik, hau da, ez Nafarroako Gobernuak ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez dute aldaketarik egin. Hala, «kasu bakantzat» jo dituzte Bengoak eta Verak Nafarroako Bortzirietan urte hasieran gertatu ziren kexak. Horren inguruan sortu den eztabaida azkenaldian «sentikortasun handiagoa» dagoelako izan dela diote. Irungo ospitalean (Gipuzkoa) artatu ez dituzten Bortzirietako «bost edo hamar» herritarren egoera konpontzeko bidean dagoela gaineratu dute.

Hitzarmen zehatzen kontra

Bengoak azaldu du erkidegoen arteko harremanak Espainiako instituzio arteko kontseiluan eztabaidatu beharko direla. Halaber, erkidegoen arteko hitzarmenen aurka agertu da. Aurrera begira arriskutsua izan daitekeela gaineratu du. Inguruko erkidegoekin ez ezik, besteekin ere hitzarmenak beharko lirateke, bidaiatzen duten EAEko edo Nafarroako herritarren osasun arreta adosteko.

Bengoak gogorarazi du Errioxako Gobernua (Espainia) dela adostasuna apurtu duen bakarra, eta negoziatzen jarraitzen dutela. Zerbitzuen truke zer «konpentsazio tekniko» eman behar diren aztertzen ari direla azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.