Nekatuta, baina pozik. Herenegun EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzarako bozak irabazi izana ospatzeko asti gutxi izan du Iñaki Goirizelaiak. Goizean goiz hasi zen atzo kazetarien galderei erantzuten. «Lau urte interesgarri ditut aurretik», azalduerrektore hautatu berriak.
Juan Ignacio Perez Iglesiasi eskaini diozu garaipena. Badirudi atzoko [herenegungo] bozak maiatzekoen jarraipena izan zirela. Hari eman ez zioten babesa zuri eman al dizute?
Argi dago botoa aldatu dela. Baina ez dut uste termino horietan aldera daitekeenik. Maiatzekoa erreferenduma izan zen, eta ezezko botoetan pentsamolde asko batu ziren. Iñakok [Iñaki Antiguedad] oso emaitza onak lortu zituen, %45 ona baita. Halere, guk autokritika egin genuen, eta gure planteamenduan gauza berriak sartu ditugu.
Dena den, badirudi maiatzean jendeak ez ziola masiboki Perez Iglesiasi botoa eman, uste zuelako alde handiz irabaziko zuela. Unibertsitate komunitatea jarrera hartaz damutu dela uste duzu?
Bai, eta hori badakit; niregana bat baino gehiago etorri da esanez ezezkoa eman zuela, baina ez zuela uste hura gertatuko zenik. Interpretazio hori ere egin behar da, baina horrek ez du esan nahi ezezko haiek guztiak aldatu direnik.
Boto ponderatuaren sisteman indar gehien duen taldean galtzaile atera zara, irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren artean, hain zuzen [Goirizelaiak 782 boto, Estebanek 837]. Horrek kezkatzen al zaitu?
Hor oso datu onak atera ditugula uste dut. Aurreko hauteskundeekin alderatuta [Perezen aldeko 589 boto, aurkako 801], diferentzia izugarria da; orain 55 boto falta izan zaizkigu berdintzeko. Beraz, taldearen zati inportante bat gurekin dago. Orain beste zatia geureganatu behar dugu.
Talde horrek Estebanen alde egin duela eta botere handia daukala kontuan hartuta, horren atzean dauden pentsamoldeak arazo bihur daitezke agintaldian? Hizkuntza politikan, esaterako.
Hizkuntza politika ez da arazo izan unibertsitate honetan, eta ez dut uste etorkizunean arazo handirik egongo denik. Guk argi esan dugu konpromiso osoa dugula Euskararen Plan Gidariarekin; Gobernu Kontseiluaren gehiengo handi batek onartu zuen, eta hori izango da gure tresna. Gainera, ahalegin guztiak egingo ditut parte-hartzea bultzatzeko eta adostasuna lortzeko.
Euskal Herrirako Unibertsitatea Gure Helmuga plataformako kideek zure aldeko botoa eskatu dute. Zer konpromiso hartu duzu haiekin?
Hauteskunde kanpainan ez dut konpromisorik hartu inorekin. 54.000 lagunekin dut nik konpromisoa, eta horren arabera egin behar dut lan. Unibertsitatearen etorkizuna eraiki nahi badugu, guztion laguntzarekin eraiki behar dugu.
Ikasleen parte-hartzea handitu egin da, espero baino gehiago.
Bai, oso emaitza ona da, are gehiago jakinda talde batek abstentziorako deia egin zuela. Beharbada, eragina izan du ikasle hauteskundeak egun berean egin izana, baina guk ere ahalegin berezia egin dugu haiengana heltzeko.
Ikasleek eman al dizute garaipena?
Gutxienez garaipenaren zati bat bai. Irakasle eta ikertzaile ez-doktoreen zein ikasleen botoei esker irabazi dugu.
Administrazio eta zerbitzuko langileei (AZP) dagokienez, bi hautagaitzen artean lau botoko aldea egon da. Maiatzean, aldiz, Perezen aurkakoak aldekoen bikoitza izan ziren.
Horri buelta eman diogu. Bagenekien garaipena AZPkoen eta ikasleen esku zegoela, beste sektoreetako emaitzak argiago zeudelako.
Arabako campusean, ordea, emaitza txarrak izan dituzue. Bologna prozesuaren ondorioz giza zientzietako ikasketak desager daitezkeelako beldurra egon da hor, ezta?
Letretako Fakultatean ez gara mezua ondo zabaltzeko gai izan, eta oso emaitza txarrak lortu ditugu. Arrazoietako bat hango titulazio mapa da, baina nik beti esan dut unibertsitate publiko batean ikasketa batzuk mantendu behar direla, Filosofia adibidez; eskaini behar dugu, herriak filosofoak behar dituelako.
Zein izango dira zure lehentasunak?
Gauza asko dago egiteko. Sektore bakoitzak bere auziak ditu: titulazio mapak bideratu, irakasleen plan gidaria egin, ikerketa mapa eta plana abiatu, AZPkoentzat plaza berriak sortu, ikasleen batzordea martxan jarri...
Titulazio mapak atzeratuko direla esan duzu.
Ez dakit mapa berriak garaiz osatu ahal izango ditugun. Uste dut malgutasuna egongo dela hor.
Jaurlaritzak Perezen taldea gustuko zuela esan izan da, eta horregatik hobetu dela finantzaketa. Zer gertatuko da martxoan PSE-EEk Hezkuntza Saila eskuratzen badu?
Ez dut uste gustu kontua denik. Mahai gainean proiektuak egon behar dute; guk aurkeztuko ditugu, eta argi daukat erantzun positiboa izango dugula, edozein dagoela ere Jaurlaritzan.
«Ez dut uste hizkuntza politikaren inguruan arazo handirik egongo denik»
Unibertsitate komunitatearen parte-hartzea eta adostasuna sustatuko du Iñaki Goirizelaiak urtarriletik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore kargua hartu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu