Ilusioz egiten ari da Suediatik Gazarako bidea Mika Jamia, Estelle belaontziko kapitaina. Ontziak herritar ugariren bisita jaso du egunotan, geldirik dagoen bitartean. Hala ere, ez dira atseden egunak izaten ari Jamiarentzat, berriro itsasoratzeko behar dituzten gauzak prestatzen ari baita. Esaterako, edateko ura falta zaie, nahiz eta urez inguratuta egon.
Bidaia luzea izango duzue Suediatik Palestinara. Noiz espero duzue iristea?
Aste Santuan hasi ginen bidaia antolatzen, jadanik duela lau bat hilabete. Hasi eta berehala, Finlandiara eraman behar izan genuen konponketa batzuk egitera, eta berriro abiatu ginen Umeatik, Suediatik. Orain Mediterraneo itsaso aldera goaz, eta Napolin geratuko gara, Italian. Handik aurrera ikusiko dugu ea zer-nolako giroa dugun eta zein zailtasun topatzen ditugun. Iaz Greziara joan ginen azken txanpa handik egiteko, baina ez ziguten abiatzen utzi. Gure asmoa da urri edo azarorako iristea Gazara.
Zein da zuen helburua?
Gazak duen egoera nazioartearen aurrean salatu eta Israelek Gazan ezarritako blokeoa amaitzea. Israel ekonomikoki itotzen ari da Palestina, eta horrek ezin du betiko iraun.
Israelen blokeoa gaindituko duzuela uste duzu?
Hori da gure nahia. Aurreko urteetan ezin izan dugu ailegatu ere egin, baina gure helburua da daramagun laguntza humanitario guztia helaraztea, eta hori era baketsuan eta inolako indarkeriarik erabili gabe egiten dugula erakustea.
Ez al zarete Israelgo armadaren erantzunaren beldur? 2010ean bederatzi pertsona hil eta 50 inguru zauritu zituzten...
Duela bi urte Israelgo armadak utzitako irudiak oso gogorrak izan ziren, eta mundu guztiak ikusi zituen. Ehunka pertsonaz osatua zegoen, eta laguntza humanitarioa zeraman itsasontzi batean sartu eta sarraski bat eragin zuen, Turkiako bandera zuen ontzi batean, gainera. Gu hamazazpi pertsona baino ez goaz Estelle-n, eta janaria eta lanabesak daramatzagu soilik. Ez dut uste Israelek hanka beste behin sartuko duenik, eta, beraz, alde horretatik, nahiko lasai nago.
Pozik al zaudete bidean jasotako babesarekin?
Portu ugaritan gelditu gara, baina hemen ikusi eta bizi izan duguna izugarria izan da. Une oro jendea zain dugu belaontzia barrutik ikusteko, eta igandean egin ziguten harrera itzela izan zen. Dror Freiler, ontzidiaren bozeramailea, zeharo hunkituta zegoen herritarren eta agintarien aldetik jasotako babesarekin.
Mika Jamia. 'Estelle' itsasontziko kapitaina
«Ez dut uste Israelek hanka beste behin sartuko duenik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu