«Hemen legea bete egin behar da. Beraz, gaztelania ez den beste hizkuntza bat erabili nahi baduzue, legea aldatzea lortu beharko duzue. Izan ere, Espainian ofiziala den hizkuntza bakarra gaztelania da». Hala hartu zion kargu atzo Espainiako Kongresuko presidente Jose Bonok EAJko diputatu Aitor Estebani. Kongresuan euskara, katalana eta galiziera erabiltzeari buruzko proposamen bat eztabaidatu zen, eta hainbat diputatuk hizkuntza horiek erabili zituztela eta, haserretu egin zen Bono. Proposamena ez zen aurrera atera, PSOEk eta PPk aurka bozkatu baitzuten.
ERCk bultzatutako lege proposamena EAJk, NaBaik, CIUk, IUk eta BNGk babestu zuten. Hala, hainbat diputatuk euskara, galiziera eta katalana erabili zuten. Horien artean zegoen Esteban. «Oso larria da PSOEk eta PPk gure hizkuntzak erabiltzeko dugun eskubidea ukatzen jarraitzea».
Bonok «adimena» erabiltzeko eskatu zion Estebani. «Errespetuagatik ez dizut hitza kendu. Baina zentzuz jokatu, eta defendatu zure jarrera denek ulertuko duten hizkuntza batean. Ez jarri mugak ulertzeari».
Proposamena babestu zuten beste alderdiek ere PSOEren eta PPren jokabidea gaitzetsi zuten.ERCko Joan Tardak adierazi zuen ez dutela amore emango Kongresuan euskara, gaztelania eta galegoa hitz egiteko aukera egon arte. «Gure hizkuntza defendatuz, gure burua ere defendatzen ari gara». BNGko Francisco Jorquerak, berriz, Alfonso Rodriguez Castelao historialariaren hitz batzuk izan zituen gogoan: «Hizkuntzen aniztasunak gizatiarrago egiten gaitu».
PSOEko Pedro Jose Muñozek salatu zuen proposamena hauteskundeei begira egindakoa dela. «Senatuan hizkuntza horiek erabiltzearen alde egin bagenuen, ganbera horrek duen lurraldetasun izaeragatik izan zen. Kasu honetan ez da horrela». PPko Ignacio Astarloari «zentzugabea» iruditu zitzaion proposamena. «Hizkuntza horien erabilera bermatua dago dagokien lurraldeetan. Hemen ez du zentzurik».
Ez dute onartu Kongresuan euskaraz, katalanez eta galegoz aritzea
Bonok kargu hartu die hainbat diputaturi, eta esan die Espainiako hizkuntza ofizial bakarra gaztelania dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu