Ez Irentsi taldeak odola eman du, «banpiroek» lapurtu aurretik

Bankuei eta politikariei mezu bat bidali die: «Gure odolaren atzetik zoazte, baina guk behar duenari eman diogu»

Ez Irentsi taldeak protesta bat egin zuen atzo, odola emateko autobusaren aurrean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Egungo gizarte eredua irensten ez dutela eta, azken hiru hilabeteetan Bizkaiko hainbat leku ezagunetan egin dituzte protesta ekintzak: Iberdrolaren Bilboko egoitzaren aurrean, Barakaldoko Gurutzeta erietxean, finantza erakundeen atarietan... Atzo, berriz, Ez Irentsi taldeko kideak Bilboko Areatzan elkartu ziren, Osakidetzak odola emateko jarri duen autobusaren aurrean. Taldeak ekintza «sinboliko» bat egin nahi zuen: «banpiroek» xurgatu aurretik, odola eman zuten, haren beharra duten herritarrentzat.

Ekintzaren bidez, bankariei eta «haien zerbitzura dauden politikariei» mintzatu zitzaien Ez Irentsi, eta «banpiroei» mezu bat bidali zien: «Badakigu gure odolaren atzetik zabiltzatela, baina oraingo honetan aurrea hartu dizuegu, eta beharra dutenei odola ematera gatoz. Ea ikasten duzuen».

M-15 mugimenduak 2011n Bilboko Arriaga plazan egindako kanpaldian hasi ziren Ez Irentsi egitasmoa mamitzen. Taldea apirilaren 14an jarri zuten martxan, eta, geroztik, hiru hilabetez, bi eguneko baraualdiak egin dituzte, bikoteka. Protesta ekintza horrekin aurrera segitzeko asmoa dute. Murrizketak salatzea, eskubide sozialak defendatzea eta beste gizarte eredu bat aldarrikatzea da baraualdien helburua. Egiten duten txanda bakoitza aldarrikapen bati lotuta dago. Ostiral gauerditik gaur gauerdira arte, esate baterako, Joseba Argintxona ari da barau egiten, beste lagun batekin. 48 orduz, Asturiasko (Espainia) meatzariei elkartasuna erakutsiko diete.

Argintxonaren arabera, egungo gizartean iruzur «izugarria» dago. Uste du herritarrek egoera salatu eta proiektu alternatiboak bultzatu behar dituztela: «Sinetsarazi nahi digute ez dagoela beste biderik, baina gezurra da; badaude beste bide batzuk. Korrontearen aurka, beste bideak egin behar ditugu». Horretarako, Ez Irentsi taldeak «ezinbestekotzat» jotzen du herritarrak biltzea eta ezagutza trukatzea: «Gutxi gara, eta txikiak; baina, denak elkartuz gero, egungo gizarte ereduari buelta ematea lortuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.