Ez du bere ardura ukatu, baina bai leundu. Pablo Jorge Simaok onartu du Elena Cal berak hil zuela, 2010. urteko urtarrilaren 17ko arratsaldeko lauretan. Baina bere burua erasoetatik babesten ari zela, eta inplikatu guziak ardoa edanda «kargatuta» zeudela adierazi du bere buruaren defentsan. «Aurpegia markatu nahi nion, ez nion labana sartu nahi», deklaratu du Simaok epailearen aurrean. Atzo hasi baitzen Simaoren aurkako epaiketa, Donostiako Probintzia Auzitegiko 1. Epaitegian. «Nahasmenaren erdian, labana sartu nion. Ez nintzen konturatu lepoan sartu niola; uste nuen aurpegian jo nuela», adierazi dio epaileari.
Simaok hilketa onartu duenez, intentzionalitatean dago auziaren gakoa, fiskalak zinpeko epaimahaiari seinalatu dionez: «Hilketa nahita egindako homizidioa edo zuhurtziagabekeriazko homizidioa izan zen erabaki behar da». Fiskalak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Simaorentzat, uste baitu nahita sartu ziola labana lepoan, hiltzeko borondatez eta intentzioz. Akusatuaren defentsak, aldiz, urtebeteko espetxe zigorra eskatu du, uste baitu Simao bere burua defenditzen ari zela, alkoholaren mende zegoela, eta ez zuela Cal hiltzeko asmorik.
Deklarazioa errudun zela esanez hasi zuen Simaok. Baina gero zehaztu zuen ez zuela Cal nahita hil; beraz, fiskalak galdetu zion ea errugabe jotzen zuen bere burua. «Errugabe, errugabe... ez. Labana neukalako, eta sartu egin niolako», azaldu zuen, hasperen etsi batekin, Simaok.
Simaoren deklarazioaren arabera, borroka egoera batean gertatu zen hilketa. Simao eta Cal bikote izan ziren, «sei hilabete inguruz», eta 2009rako eten zuten harremana. Gerora, beste gizon batekin tratuan hasi zen Cal, eta Simaori eskatu zioten bizitzeko lekua; Tolosako (Gipuzkoa) tren geltoki ondoko txabola batean bizi zen Simao, eta bertan leku egin zion bikoteari.
Istiluaren erdian
Hilketaren egunean, hirurak Tolosako eliza batean eskean ibiliak ziren, ohi zuten bezala, goizeko zazpietatik aurrera. Meza eta meza artean, inguruko tabernetara jotzen zuten, ardo edatera, akusatuaren esanetan. 13:30 aldera erretiratu zen Simao txabolara; zopa janda, lo gelditu zen.
Arratseko laurak aldera agertu ziren Cal eta haren bikotekidea, «zeharo aztoratuta», Simaoren hitzetan. «Sua ematen saiatu ziren txabolari, eta ni saiatu nintzen haiek lasaitzen», adierazi dio epaileari. Calek bere kontra ekin zuela, ostikoka eta kolpeka, eta burdinazko barra bat bularrean sartu nahi izan ziola adierazi du Simaok; baita Calek iraindu egin zuela ere. Istilu horien erdian, gaueko mahaitik labana bat hartu zuela azaldu du Simaok.
Fiskalari erantzunez, Simaok zehaztu du labana txikia zela, bospasei zentimetro luzeko ahoa zuena. Labana ez da inondik agertu, eta fiskala zalantzakor agertu da akusatuarekin: galdetu dio nola den posible, hain labana txikiarekin, sei zentimetro luzeko zauri bat egitea eta bizkarrezur ondoko zain bat erdiz erdi etetea. Akusatuak ez du asmatu erantzuten; dena oso nahasia izan zela eta hiru inplikatuak ardoa edanda zeudela adierazi du. Elena Cali kolpea zeharka eman ziola zehaztu du Simaok, keinu eginez, eta kolpea indar handirik gabe tira ziola erantsi du. Sinesgogor agertu da fiskala azalpen horiekin ere.
Calek eta haren bikotekideak ere, Simaok azaldu duenez, labanak zituzten beren gelan. Calek mugimendu «zakar» bat egin zuelarik, Simaok pentsatu zuen labana horien bila joan zitekeela. Simaok aitortu du orduan jo zuela aurpegian, labanarekin, baina ez zela konturatu zer egin zuen. Txabolatik atera omen zen eta Calen bikotekideak jakinarazi omen zion andrea hilda zegoela.
Defentsako abokatuari erantzunez, Simaok argudiatu du hilketa baino lehenago ere alkoholarekin arazoak izan zituela —Martuteneko kartzelan alkohola uzteko tratamendua egiten ari dela ere esan du—. Gehiago dena: uste du iazko urtarrilaren 17an ardorik edan ez balu ez zela hilketarik gertatuko. Fiskalak zalantzan jarri du argudiatze horren balioa; atxilotu zutenean, ertzainek ez zutela mozkortuta aurkitu aurpegiratu dio; «erabat mozkortuta» agian ez, baina «kargatuta» zeudela erantzun du akusatuak.
Hiru inplikatuen artean eztabaidak maiz antzean izaten zirela onartu du Simaok; baina Calen bikotekideari leporatu dio liskarren erantzukizunaren parte bat, emakumea «zirikatzen» zuelakoan bere kontra. «[Calen bikotekidearekin] Ondo-ondo ez nintzen moldatzen», aitortu du Simaok; aldiz, Cal eta bera «anai-arrebak bezala» zirela adierazi du. Calen bikotekidea, gainera, andreaz «aprobetxatzen» zela uste du Simaok: «Dirua kentzen zion».
Zinpeko epaimahaia osatzeko eta akusatuak deklaratzeko besterik ez zuen eman atzoko auzi saioak. Gaur goizean jarraituko du epaiketak, lekukoen eta perituen deklarazioekin.
Ez zuela Elena Cal hil nahi, «aurpegia markatu» nahi ziola dio akusatuak
Hiltzailea nahita ari zelakoan hamalau urteko kartzela eskatu du harentzat fiskalak; abokatuak, urtebetekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu