Ahaztuak elkarteak jakinarazi duenez, erasotzaileek kendu egin dute maiatzean jarri zuten plaka. Elkarteak aurreratu du berriro jarriko dutela. Izan ere, behin baino gehiagotan izan da erasoa Ezkaba mendian monolitoa dagoen lekuan fusilatutako 11 nafarrak gogoratzeko jarritako plaka. Aurreko erasoa urtarrilean gertatu zen. Orduko hartan erasotzaileek plaka beltzez margotu eta esbastika bat marraztu zuten gainean. Ahaztuak-ek maiatzaren 22an berrezarri zuen plaka berria.
Ezkaba mendian monolitoa dagoen lekuan Murillo el Fruto eta Santakarako 11 herritar fusilatu zituzten faxistek. "Frankisten ondorengoek ez dute nahi euren basakeria erakusten duen ikurrik, eta horrelako jarrerekin egia ezkutatu nahi dute. Baina aurrean izango gaituzte behin eta berriro, faxismoaren ondorioak pairatu zituztenen aitorpen publikoa egiteko", esan du Ahaztuak-ek ohar batean. Azken erasoa lehenbailehen argitzeko eskatu du elkarteak. Egin ezean frankismoaren inpunitateak biktimen memoria eskubidearen kontrako erasoak hauspotuko dituela azpimarratu du.
Falange y Tradicionen epaiketa, uztailaren 13an
Hain zuzen, Ezkaba mendiko monolitoaren kontrako aurreko eraso bateko ustezko egileak aste honetan epaitu behar zituzten, baina epaiketa uztailaren 13ra atzeratua. Falange y Tradicion taldeko bost kide dira auzipetuak, eta Ezkaba mendiko erasoaz gain, beste batzuk ere leporatzen zaizkie, tartean, Artikako hilerrian fusilatutakoen omenez jarritako plakaren erasoa, Bidangozeko mendi batean franksimoaren esklaboen alde jarritakoa, Javier Balda Arbizuko ANVko alkatearen kontrako mehatxuak, eta Orkoiengo auto batean egindako mehatxuak.
Falange y Tradicionen kontrako epaiketan sei lagun atxilotu zituzten Jose Ignacio Irusta Sanchez sunbillarra, Borja Perez Illera militar irundarra, Javier Lopez Monreal mendazarra eta Orkoiengo bizilaguna, Fermin Domingo Turrillas iruindar eta Barañaingo bizilaguna, David Murillo Eslava iruindar eta Barañaingo bizilaguna eta Jagoba Aldama Bolumburu gasteiztarra dira. Irusta, Perez eta Lopez dira auzipetuak.