Ezkabatik ihes egin zuen preso baten gorpuzkiak itzuli dizkiete bere senideei

Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari, hil eta 82 urtera. Larrasoañan exekutatu zuten.

Aranzadikoak Ezkabako gorpuzkiak aztertzen, 2018an. IDOIA ZABALETA / FOKU
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 28a
14:03
Entzun

Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari, hura exekutatu eta 82 urtera. De la Fuente Ramos 1937ko abuztuaren 22an iritsi zen Ezkabako kartzelara, eta 1938ko maiatzaren 22an espetxe horretatik egindako talde ihesean parte hartu zuten 795 presoetako bat izan zen. Ihes egin eta berehala harrapatu zuten, eta Larrasoañan exekutatu eta hobiratu zuten, beste hiru lagunekin batera.

Gorpua 2018an aurkitu eta berreskuratu zuten, eta Nafarroako DNA Bankuaren ikerketa genetikoari esker identifikatu zuten 2020ko ekaina bukaeran. Gaur eman dizkiete gorpuzkiak De la Fuente Ramosen senitartekoei, Nafarroako Artxibo Orokorrean egin den ekitaldian. Jardunaldian, Paula de la Fuente Leoncioren alaba, eta haren alaba eta biloba egon dira, eta Paulina Lizoainekin elkartzeko aukera izan dute. Lizoainen testigantzari esker jakin zuen Nafarroako Gobernuak Larrasoañan izandako exekuzioen berri; izan ere, 89 urteko emakumeak haurra zela ikusi zuen lau lagunen hilketa.

Gorpuzkiak entregatzeko ekitaldiaz gain, bertaratutakoek Ezkabako gotorlekua bisitatu dute —ihesaldia gertatu zen tokia—, baita Larrasoañako hobia ere. Hobian, Fermin Ezkieta ikertzaileak, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, ihesaren eta hobitik ateratzeko prozesuaren xehetasunak azaldu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.