Ezkabatik ihes egin zuen preso baten gorpuzkiak identifikatu dituzte

Nafarroako Gobernuak sortutako DNA bankuari esker atzeman dituzte Leoncio de la Fuenteren gorpuzkiak. Larrasoañan exekutatu zuten

Aranzadikoak Ezkabako gorpuzkiak aztertzen, 2018an. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak Ezkaban preso egon ziren eta Larrasoañan (Nafarroa) exekutatu zituzten lau pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu zituen 2018ko uztailean. Paulina Lizoainen testigantzari esker jakin zuen Nafarroako Gobernuak han izandako exekuzioen berri. 89 urteko herritar horrek haurra zela ikusi zuen lau lagunen hilketa, eta Nafarroako Gobernuak Esteribarren hobitik ateratzeko lan batzuk egin ondoren erabaki zuen ikusitakoa kontatzea.

Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkiak identifikatu dituzte orain gorpuzki horien artean, haren alabak Nafarroako DNA bankuan utzitako lagin bati esker. Valladolideko Fresno El Viejo (Espainia) herrikoa zen De la Fuente Ramos, eta sei seme-alaba zituen.1937ko abuztuaren 22an iritsi zen Ezkabako espetxera, 36 urte zituela. 1938ko maiatzaren 22an kartzela horretatik egindako talde ihesean parte hartu zuten 795 presoetako bat izan zen. Ihes egin eta berehala harrapatu zuten, bertze 206 presorekin batera, eta Larrasoañan exekutatu eta hobiratu zuten.

Nafarroako Gobernuak 2016an sortu zuen DNA bankua, eta hantxe dituzte jasoak Nafarroan fusilatutako 230 pertsonaren senitartekoen DNA laginak. Horri esker lortu dute identifikatzea Larrasoañan fusilatutako presoa. Gainera, aurretiazko hipotesirik egin gabe identifikatu dituzten lehenengo gorpuzkiak dira De la Fuente Ramosenak.

Deia senideei

Nafarroako Memoriaren Institutuak deia egin die fusilatuen senitartekoei beren laginak utz ditzaten, halako identifikazio gehiago egin ahal izateko. Orain arteko lana eskertu du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.