«Lehenik eta behin, harrituta gaudela adierazi nahi dugu». Aralarrek bere erabakiaren berri eman eta gutxira, ezker abertzaleak komunikabideei igorritako oharrean adierazi du ez duela ulertzen Aralarren jarrera. «Aralarrek zatiketaren aldeko hautua egin du». Ezker abertzalearen ikuspuntutik, koalizioa zabaltzeko aukerari «beto eskubidea» ezarri dio Aralarrek eta «EAJren posizioa eta diskurtsoa bere egin ditu». Horregatik, «egun tristea» dela iritzi dio.
Ezker abertzaleak argudiatzen du bilera horietan Aralarri argi utzi zaiola subjektua ez dela inoiz arazo akordio programatiko bat erdietsi ahal izateko. Eztabaida «edukien ingurukoa» izan dela nabarmendu du, eta edozein eragile onartzeko prest azaldu direla azpimarratu dute.
Aralarrek emandako argudioei erreferentzia eginez, ezker abertzaleak eskatu dio argitzeko ezadostasun horiek: «Zeintzuk dira akordio programatiko bat egiteko zailtasunak? Azal diezaietela iritzi publikoari eta beren militanteei zerekin ez dauden ados». Ezker abertzaleak dio bere proposamenaren edukiak hiru oinarri dituela: «Euskal Herriaren artikulazio prozesuarekiko konpromisoa, ezkerreko akordio argiak eta Gernikako akordioak normalizazio politikoaren bidean jasotzen duen bide orriaren bultzada». «Horiek al dira Aralarrentzat gaindiezinak diren edukiak?», galdetu du.
Oharrean gaineratu du horiek direla Aralarrekin zein «hamarnaka eragilerekin» izandako bileratan mahai gainean jarri dituen edukiak. Ezker abertzaleak dio Nafarroan aldaketa politiko eta sozialak «interes alderdikoien gainetik» egon behar duela.
Hala ere, ez du erabat ixten atea. Oharrean dio Nafarroan «esparru ezkertiar eta abertzale osoa» biltzen saiatuko dela aurrerantzean ere. «Akordioak erdiesteko dugun borondatea ez dute jarrera zatikatzaileek galgatuko». Hala, Aralarreko zuzendaritzari eskatzen dio hartutako erabakia berriz pentsa dezala: «Indar metaketaren bidera itzul dadila espero dugu».
Ezker abertzalea: «Aralarrek zatiketa hautatu du»
Ez du ulertzen Aralarren erabakia; beto eskubidea adierazi eta EAJren jarrera «bere» egin duela iritzi dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu