«Gure helburuak lortzeko bide luzea dugu parez pare, baina Ezker Abertzaleak bokazio eta determinazio osoa du bi oinarri nagusi dauzkan bide horretarik jarraitzeko: herri bultzada eta nazioarteko babesa». Aberri Egunaren aurretik, Euskal Herriko egoera politikoaz egin hausnarketa plazaratu du ezker abertzaleak, agiri baten bitartez.
Batetik, «iraganeko inertziak hautsita» abertzaleon arteko elkarlanean aurrerapauso «nabarmenak» diren akordioak aipatzen ditu: Lortu arte eta Euskal Herria Ezkerretik; ETAren su-etena eta «konfrontazio armatuko zikloa gainditzeko duen borondatearen erakustaldia» ere «lehen mailako elementutzat» dauzka. Baina, parean, Espainiako Estatuak duen «ukazio politika» du jartzen. Horri begira «herri bultzada» oinarria dela dio, «soilik herritarren babes eta atxikimenduaren bidez lortuko delako herri honi erabakitze eskubidea ukatzen dioten harresiak eraistea». Horrez gain, nazioartearen babesa «oinarrizkotzat» jo du ezker abertzaleak. Hori gero eta handiagoa dela zehaztuz, Euskal Herrian irekitako errealitatea eta «Madrilek eta Parisek betoa jarriko ez dioten agertoki demokratiko bat» geroz eta «onartuagoak» direla islatzen duela uste du.
Proiektu politiko gisa, independentzia eta sozialismoarena du ezker abertzaleak onesten, Madrilek duen «alternatiba eta eskaintza gabeziaren ondorioz», geroz eta «ageriagokoa» delako «estatu libre eta independente gisa kokatuko gaituen burujabetza marko baten beharra». Bide horri segi, Gernikan eta Baigorrin ospatuko diren Aberri Eguneko ekitaldietan parte hartzeko deia egin du.
Euskal Herriko aro politiko berrian eta «ikusmira etorkizuneko Euskal Herria izanda», berretsi du «ardura historikoz eta maila emanda» jardungo duela.
Independentistak sarearen mezuarekin «bat egiten» duela jakinarazi du Batasunak ere. Eskubide demokratikoak berreskuratzeko bidea «luze eta gogorra» izanen dela argi du, eta oztopoen gainditzeko, «abertzaleen arteko elkarlana» eta «herri aktibazioa» ezinbestekotzat jo ditu. Batasunaren arabera, Independentistak sareak antolatu dituen ekitaldiak Zazpiak Bat proiektu abertzalearekin bat datoz, eta herri ospakizunak dira, «herritarrei toki osoa eskainiz».
Basaizea, ABri erantzunez
Abertzaleen Batasunak ez du deitu Baigorriko Aberri Egunera. Horri begira, Nafarroaren Egunaren antolatzaileak, Basaizeak,zehaztu du ABk Independentistak sarearekin «zer ikusirik» ez duela nahi «ongi ulertua» duela. Hala ere, ABk Nafarroaren Eguna ospatuko duela ikusirik, bere «zoriona» adierazi du, eta «beste alderdi politikoen ondoan» goizeko ekitaldian parte hartzeko deia egin dio. Nafarroaren Eguna, «desberdintasun guztien gainetik» elkartasunaren eguna izanen dela erranez bukatu du agiria.
Ezker abertzalea: «Herri bultzada eta nazioarteko babesa dira gure bidearen oinarri»
Independentistak sareak antolatutako Aberri Egunera deitu dute ezker abertzaleak eta Batasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu