«Ezker abertzalea instituzioetara itzuli, eta itunetarako konbinazio asko sortuko dira»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Egoera «zirraragarriak» aurreikusten ditu instituzioetan. Aurrera begira, ezkerreko taldeen arteko itunen aukera plazaratu du.

Zeintzuk dira PSE-EEren erronka nagusiak hauteskunde hauetan?

Dugun indar instituzionala mantentzea eta beste batzuk eskuratzea. Hauteskunde mapa berriak espektatiba asko ireki ditzake. Badira ezker abertzalearen ordezkaririk ez izateak EAJri gehiengo osoan utzi dizkion udalak eta orain udalbatzetako gehiengoak alda daitezke eta beste itun batzuk egitea ahalbidetu. Egoera zirraragarriak datoz bozen ondoren. Euskal Herriko mapa politikoa asko sinplifikatuko da aurki. Lau alderdi indartsu egongo dira: alderdi eskuindar abertzale bat eta konstituzionalista bat, eta ezkerreko alderdi abertzale bat eta konstituzionalista bat. Izen batekin edo bestearekin, ezker abertzalea itzuliko da instituzioetara, hauteskunde hauetan edo hurrengoetan. Eta, gerora, itunetarako konbinazio asko sortu ahalko dira, behin denbora bat pasatuta.

Iradokitzen ari zara PSE-EEk bestelako harreman bat izan dezakeela...

Ez, nik ez dut ezer iradokitzen. Esaten dudana da bestelako jokaleku bat zabaltzen dela, denborak gauzak bere lekuan jarriko dituela, eta beste aukera batzuk izango direla, behin denbora pasatuta.

Ezkerreko indarrekin akordioak egin ahal izatea faltan duzu?

Bai. Gertatzen dena da momentuz ez dagoela aukerarik, edo daudenek oso ordezkaritza murritza dutela. EB ezkerrekoa da, baina etorkizun eskasa du, hutsala ia. Gauza bera esan genezake Aralarri buruz. Areago, egoera honekin nahiko urduri dago Aralar bere etorkizun ezegonkorragatik. Eta ez dago besterik. Herri honetan, zoritxarrez, eztabaida beti egon da abertzaleen eta abertzale ez direnen artean banatuta. Guk nahiago genuke ezkerra-eskuina eztabaidan sartuko bagina, baina oraindik ez gaude jokaleku horretan. Hemen dugun arazoak euskal politikagintzaren oinarria kutsatu du. ETA hor zegoen, eta horrek dena nahasten zuen. Sozialistok eta popularrek ezin izan dugu aukera berberekin aurkeztu orain arte, ezin genuen gune zehatz batzuetara joan, aurkako lurraldetzat jotzen zirelako. Ea iristen den Euskadin inorentzat aurkako lurralderik ez dagoen momentua; ez batzuentzat, ez besteentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.