Ezker abertzalea legeztatzeko eskatuko dute otsailaren 19an Bilbon

Euskal Herriko hainbat gizarte eragileetako ordezkariek eta pertsona ezagunek sustatu dute ekimena

jokin sagarzazu
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Egoera politikoarekin kezkatuta dauden hainbat gizarte eragiletako ordezkariek eta pertsona ezagunek, ezker abertzalea legeztatzeko eskatzeko, otsailaren 19an Bilbon manifestatzera deituko dute. BERRIAk jakin duenez, sustatzaileek ahalegin berezia egingo dute euskal gizarteko pentsaera guztietakoek manifestazioarekin bat egin dezaten. Ekimenari buruzko xehetasunak aste bat lehenago eman nahi dituzte, agerraldi publiko batean.

Manifestazioa izan baino lehenago, ezker abertzaleko kideek antolakunde politiko berriaren estatutuak erregistratuko dituzte Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioan. Hori egin aurretik, datorren astean ziurrenik, alderdi berri horren sustatzaileek agerraldi bat egingo dute alderdiaren estatutuak eta ezaugarriak azaltzeko.

Azaroaren 27an Iruñean ezker abertzaleak egindako ekitaldian adierazitakoaren arabera, egungo legeria beteko dute estatutuek, Alderdien Legea barne. Alderdi berri horren egitura eta funtzionamendua «demokratikoak» izango dira, eta autonomia osoarekin jardungo du, «interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre». Halaber, helburu politikoak lortzeko «indarkeriaren erabilpena edo erabilpenaren mehatxua errefusatu» egingo du.

Alderdi berri bat legeztatzeko, Barne Ministerioaren erregistroan aurkeztu behar da eskaera. Barne Ministerioak dauka eskaera ontzat eman edo errefusatzeko ardura. Ez badu eragozpenik jartzen, alderdia legezko bihurtzen da hogei egunen buruan. Inpugnatu nahi badu, Fiskaltzari igorri behar dio eskaera, eta horrek legez kanpoko zantzurik ez badu atzematen, tramitazioarekin jarrai dezan eska diezaioke Barne Ministerioari. Aldiz, legez kanpoko zantzurik dagoela uste badu, Fiskaltzak —eta Estatuaren abokatuak— inpugnazioa Auzitegi Goreneko 61. sala berezian aurkeztu beharko luke.

Orain arte Espainiako Gobernuak, alderdi sozialistak eta Estatuko fiskal nagusiak nabarmendu dute ezker abertzaleak ez dituela betetzen legeztatzeko baldintzak.

Larunbat honetan

Bien bitartean, ezker abertzaleak aurrera egin nahi du legeztatzearen aldeko kanpainarekin, eta larunbat honetan Euskal Herriko «herri guztietan» egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egin du. «Demokrazia osoko agertoki bat eraiki nahi duen orok legalizazioaren alde ekiteko momentua da. Pertsona guztien eskubideak errespetatuak izan daitezen, proiektu politiko guztiak egingarriak izan daitezen eta aukera politiko guztien artean libreki hautatu ahal izateko, beharrezkoa da legalizazioa», dio prentsa ohar batean.

Gisa horretako bigarren ekimena izango da larunbatekoa. Abenduaren 18an ehun mobilizazio baino gehiago egin ziren, Orain legalizazioa, gora ezker abertzalea lelopean. Ezker abertzaleak gainontzeko indar politikoen antzera hauteskundeetan eta instituzioetan parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatu zuten. Ekimenaren bideoa ezkerabertzalea.info webgunean jarri zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.