Ezker abertzaleak 2012. urterako ildo politikoa finkatu du, duela aste batzuk egindako batzarretan. Ildoa laburbiltzen duen txostenaren arabera, aurten bi ildo nagusi garatu nahi ditu ezker abertzaleak: batetik, gatazkaren konponbidea azkartzea, eta, bestetik, ezkerreko esparru subiranistan aliantza politika sendotzea. Ezker abertzaleak uste duestatuei prozesua astiro-astiro joatea interesatzen zaiela eta «blokeo estrategiarekin» jarraituko dutela. Horri aurre egiteko, helburu argia finkatu du ezker abertzaleak: «Prozesua azkartzen saiatu behar dugu; Espainiako estatuaren blokeo estrategia indargabetu behar dugu».
Aliantza politika sendotzeari dagokionez, akordio estrategiko bat lortzeko helburua jarri du ezker abertzaleak. Ezkerreko esparru subiranista, ezker abertzalearen ustez, «herritarren aurrean benetako alternatiba bihurtzen ari da». Orain arte, konponbidearen eremuan egindako «urrats ausartak» eta indarrak biltzeko apustua sarituak izan badira ere, aurreratzean proiektu estrategikoaren norabidean emandako pausoak sarituak izatea lortu behar dela uste du ezker abertzaleak. Ezkerreko esparru subiranista zabaltzen jarraitzeko «akordio estrategiko berri bat» zehaztea beharrezkotzat jo du. «EA, Alternatiba, Aralar, AB eta ezker abertzalea bildu behar dituen akordio estrategikoaz ari gara. Akordio horrek bi atal izango ditu: akordio nazionala biltzen duen atala (bost indar politikoen artean adostutako printzipio eta konpromisoekin) eta akordioa lan ildoetan garatzekoa (mugaren alde bakoitzean egin beharrekoa)».
Dagoeneko, EAk, Alternatibak eta Aralarrek halako akordio bat lantzen hasteko prestasuna adierazi dute. ABren parte hartzea zailagoa izan daitekeela uste du ezker abertzaleak.
1. Hauteskundeak
Akordio estrategikoak, ezker abertzalearen ustez, isla izan beharko luke hauteskunde ildoan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz izango diren ez dago argi. «Nolanahi ere, sortu legezkoa izanda ala ez, Zutik Euskal Herria eztabaidatu zenetik orain arte esandakoarekin bat, ezker abertzaleak aliantzan aurkeztearen aldeko hautua egitea logikoena litzateke», dio ezker abertzalearen 2012 urteko ildo politikoa izeneko txostenak. «Ondorioz, akordio estrategiko berria lan urte honetan eta betiere hauteskunde horiek baino lehenago egitea nahiko genuke», erantsi du.
Ipar Euskal Herrian, berriz, maiatzean, Frantziako presidentea aukeratzeko eta, ekainean, Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira. Ezker abertzalearen ustez, «herri gisa» agertzea da garrantzitsuena, eta Euskal Herria Bai da horretako «aukera bakarra».
2. Alternatiba soziala
Sistema kapitalistaren krisiari aurre egiteko, kalera irten eta erantzuteaz gain, Euskal Herriko gizarteari ezker ikuspegiz krisialditik irteteko proposamen zehatza egin behar zaio, ezker abertzalearen ustez. «Burujabetzaren bidean eta neoliberalismoak inposatu nahi dizkigun neurriak gaindituz, gure ekonomiako sektore guztien arteko hitzarmena lortu behar dugu».
3. PPren jarrera
Aieteko Adierazpenak konponbiderako bide orria ezarri arren, ezker abertzalearen ustez, PPk ez du agertu norabide horretan «zirkinik egiteko asmorik». «Ez dirudi Andaluziako hauteskundeak egin baino lehenago mugimendurik txikiena gauzatuko duenik. Ondoren ere blokeoari eutsiko diola suma dezakegu. Ondorioz, euskal jendartearen gehiengoa aktibatuz eta nazioarteko laguntzaz estatuaren blokeo oro gainditzen jarraitu beharko dugu».
4. Herritar foroak
Konponbidearen atalean, ezker abertzaleak espero du Aieteko Adierazpena bultzatu duten nazioarteko eragileek estatuen eta ETAren arteko elkarrizketak suspertzeaz gain, euskal eragileen arteko elkarrizketa politikoa bultzatuko dutela. Ezker abertzaleak elkarrizketa politikoa suspertzeko dinamika ororekin bat egingo du, eta Euskal Herrian Konponbidearen Aldeko Herritar Foroak sortzea sustatuko du.
5. Preso eta iheslariak
Presoak eta iheslariak etxera ekartzea «estrategia orokorraren barruan lehentasuna da», ezker abertzalearentzat. Gaur egun, estatuekiko presio guztia «muturreko egoerak amaitzera» bideratzea aurreikusi du. «Presoen gaia eragile guztien agenda politikoan ipini dugu. Gogoz kontra bada ere, guztiak PP horretan bakar-bakarrik uzten ari dira. Orain herri presio guztia pizteko garaia da».
6. Biktimak
«Ezker abertzaleak biktima oro aitortzen du. Alde guztietakoak. Gainera, biktima ororekiko erreparazioa eskatzen dugu». Argi utzi nahi izan ildo politikoa zehazteko txostenean. Ezker abertzaleak uste du Estatua biktimen gaia «arma gisa» erabiltzen duela. «Guk biktimen eremua gatazka elikatu beharrean konponbidearen aldeko eremu bilaka dadin. Ezker abertzaleak dio ez duela arazorik «gatazka gordinaren barruan egin duena aitortzeko». Halaber, estatuak eragin eta onartu nahi ez duen samin guztia aitortzera eraman beharra dagoela nabarmendu du.
7. Desmilitarizazioa
Borroka armatuaren amaierarekin batera, desarmatzeak etorri behar duela dio ezker abertzaleak: ETAren egitura militarrak indargabetzea eta estatuek Euskal Herrian dauzkaten indar polizial eta militarrak alde egitea. Prozesu hori iritsi bitartean, estatuak zenbait pauso eman beharko lukeela uste du ezker abertzaleak, «kontrolen eta jazarpenaren amaiera kasu».
Euskal herritar guztiek eskubide zibil eta politikoak laster berreskuratzea ez du espero ezker abertzaleak. Herri ekimenak bultzatzen jarraitu beharra aurreikusten du. Eskubideen urraketei erantzuteko, baita aldarrikapen positiboa egiteko ere. «Eremu horretan legeztatzearen aldeko lana azpimarratu behar dugu».
Ezker abertzaleak akordio estrategiko bat bultzatuko du esparru subiranistan
Konponbidearen eremuan, Espainiako Estatuaren blokeo estrategia indargabetzen eta prozesua azkartzen saiatuko daEAEko hauteskundeetan, aliantzan aurkeztearen aldeko hautua da «logikoena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu