politika

Ezker abertzaleak bere proposamena aurkeztuko du larunbatean Venezian, nazioarteko konferentzian

Bake prozesuei eta gatazken konponbideei buruzko jardunaldia egingo dute; besteak beste, Veneziako Udalak antolatuta. Brian Currinek ere hartuko du parte, eta Gerry Adams eta Nelson Mandelaren mezuak ere eskainiko dituzte. Hegoafrikako, Irlandako, Kurdistango eta Euskal Herriko gatazkak izango dituzte hizpide. Antolatzaileen arabera, "elkarrizketa da gatazkak bukatzeko bide bakarra, eta negoziazio mahaian jartzeko ezin da aurrebaldintzarik ipini".

2009ko azaroaren 11
20:16
Entzun
"Bake prozesuei eta gatazken konponbideei buruzko nazioarteko konferentzia" egingo dute larunbatean Venezian (Italia) -besteak beste, bertako Udalak antolatuta-, eta ezker abertzaleak bere proposamen politikoa aurkeztuko duela iragarri dute antolatzaileek. Arratsaldeko saioan izango da hori -Elkarrizketa, elkarrizketa, elkarrizketa. Ideiak Kurdistanerako eta Euskal Herrirako saioan-, eta Jone Goirizelaiak azalduko du "euskal ezker independentistaren proposamena", egitarauan irakur daitekeenez.

Halaber, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen bideo bat ere botako dute orduan; "euskal ezker independentistaren mezua, eta Otegik hartuko du parte", dio konferentziko oharrak.

Haluk Gerger (Turkia eta kurduen auzia gaia izango du hizpide), Emine Ayna (Kurduen proposamena), Irfan Dundar (Abdullah Ocalanen errepide mapa) eta Brian Currinek (Elkarrizketa posible baterako ideiak) ere hitz egingo dute arratsaldean, hiruretatik aurrera. Gabriele Polo kazetariak koordinatuko du.

Currin Euskal Herrian Eztabaida eta Bakea sustatzeko Nazioarteko Ekimeneko kideak hitzaldia eman zuen urriaren 28an Donostian, Lokarrik antolatuta, eta ezker abertzalearen ekimen politiko berriaren garrantzia azpimarratu zuen.

"Elkarrizketa da gatazkak bukatzeko bide bakarra", diote nazioarteko konferentziko antolatzaileek, "eta hori orain arte ukatutako errealitatea aitortuz baino ezin da egin". Haien arabera, "negoziazio mahaian jartzeko ezin da aurrebaldintzarik ipini", eta Hegoafrikako eta Irlanda iparraldeko kasuak jarri dituzte eredutzat. "Gaur egun oraindik gatazka asko daude, Israel-Palestina, Turkia-Kurdistan eta Espainia-Euskal Herria bezala".

Goizeko saioan Gerry Adams, Nelson Mandela...

Konferentzia goizean hasiko da, hamarretan, Bake prozesuak. Hegoafrikako eta Irlandako esperientziak gaiarekin. Nelson Mandela Hegoafrikako buruzagi historikoaren mezua helaraziko dute, baita Gerry Adams Sinn Fein Irlandako ezkerreko alderdiko buruarena ere. Currinek (Hegoafrikako bake prozesua) eta Goirizelaiak (Elkarrizketaren aldeko euskal ekimenak) ere hartuko dute parte orduan.

Otegi, Diez... preso

Urriaren 13an atxilotu egin zuen Espainiako Poliziak Otegi, ezker abertzaleko beste bederatzi lagunekin batera, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzita, eta Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta bostak kartzelan dauzkate.

Joan den igandean gutuna argitaratu zuten BERRIAn bostek, Estremera kartzelatik (Espainia) idatzitakoa. "Fase berrian, estrategia eta tresna berriak behar dira, ezinbestean", zioten.



Ezker abertzalea eztabaida fasean dago, eta iragarri du "erasoen gainetik" martxan jarriko duela "ziklo politiko berria". "Euskal herritarren hitza eta erabakia oinarri" izango duen eta "inongo indarkeriarik edota kanpoko injerentziarik gabeko prozesu demokratikoaz" gogoetan ari da militantzia. Independentziaren aldeko eragileen indarrak biltzeko xedea ere badu ezker abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.