«Ezker abertzaleak bide luzea dauka egiteko»

Aintzane Ezenarroren arabera, Aralarrekin batasun estrategiko bat egiteko «oraindik» urrats asko falta dira

Erredakzioa
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Aintzane Ezenarro Eusko Legebiltzarreko Aralarreko eledunaren arabera, ezker abertzaleak eta Aralarrek eremu politiko desberdinak ordezkatzen dituzte. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ezenarrok azaldu du ezberdintasun horiek ez direla oztopo unean uneko elkarlan politikoa garatzeko: «Dena den, uste dut Batasunak ordezkatutako ezker abertzaleari giza eskubideen esparruan bide luzea daukala egiteko, batasun estrategiko batera joan ahal izateko».

Ezenarrok onartu du ETAren biktimen onarpenean bere bidea hasi duela ezker abertzaleak, baina oraindik ez duela «lehen pertsonan» egin aitorpen hori. «Hain justu, biktima horiek egon badaudela adieraztea falta zaio. Zerbait objektiboa da, biktima horiekiko norberaren erantzukizuna aitortzea».

Ezenarro baikor azaldu da, hasitako bide horrek ez duelako atzera bueltarik. «Elkarbizitzarako akordio bat lortzeko gai izango gara, ez soilik indarkeria gabeko egoera batean, baizik eta desberdintasunetik elkarrekin bizi ahal izateko eta guztion artean etorkizuna eraiki ahal izateko».

Begirada iraganerantz zuzentzean, analisiek ez dute inoiz bat egingo, Ezenarroren ustez, sentsibilitate desberdinen zein sektore bakoitzak izandako bizipenen ondorioz. Horregatik, Ezenarrok uste du helburua ez duela izan behar analisietan bat egitea, baizik eta iraganeko gertakizunen gainean gutxieneko etiko batzuk ezartzea, «berriro ere gerta ez dadin». Haren ustez, hori egin daiteke, eta horretan bai, horretan bat egin beharko dute sektore guztiek: «Batzuek besteek baino gehiago, baina bakoitzak ikusi egin beharko du zer erantzukizun izan duen herrialde honek jasandako sufrimenduan», azpimarratu du Ezenarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.