Euskal presoak

Ezker abertzaleak dio EAJren isiltasuna «nabarmena» dela

Raxoik esan du ez diola men egingo gose greben «xantaiari» eta legea beteko duela, medikuek diotena entzunda

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleko bozeramaile Maribi Ugarteburuk adierazi du Uribetxebarriaren kasuan «Urkulluren EAJk» mantendu duen isiltasuna «nabarmena» eta «guztiz salagarria» dela. Gogorarazi du Uribetxebarria muturreko egoeran dagoela preso, eta azken egunetan areagotzen ari diren askatasun eskaeren inguruan esan du EAJren isiltasuna «oso nabarmena» ari dela izaten. Raxoiren gobernuari, berriz, «presoen eta senideen bizitzekin darabilen jolas makabroa» amaitzeko exijitu dio.

Ugarteburuk Espainiako Gobernuari ohartarazi dio bere «indarkeriazko jokabideak» gero eta ulertezinagoak direla, bai euskal gizartearen gehiengoarentzat, baita nazioarteko instantzientzat ere. Gaixo larriak, 197/2006 doktrinari buruzko Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena eta presoen sakabanaketa ekarri ditu gogora, eta salatu du giza eskubideak urratzea dela PPren argudio politiko bakarra.

Bide beretik, EILAS sindikatuak ere salatu du «krudelkerian eta mendekuan» oinarritutako espetxe politika.

Hori guztia ikusita, ezker abertzaleko bozeramaileak uste du EAJren isiltasuna «guztiz salagarria» dela, baina baita «politikoki argigarria» ere. EBBko buru Iñigo Urkulluri eskatu dio ez dezala erabil «isilpeko gestorearen antzerkia», eta salatu du Aieten izan ondoren EAJk bake prozesuari bizkar eman diola «nabarmen».

Espainiako presidente Mariano Raxoik, berriz, «xantaia» gisa izendatu ditu presoen gose grebak. Adierazi du Espainiako Gobernuak ez diela men egingo, eta esan du legea bete behar dela, medikuek diotena kontuan hartuta. Espainiako ararteko Soledad Becerril ere antzera mintzatu da: «Ez dute balio erruki adierazpenek. Legea zorrotz bete behar da». Frantziako Kanpo Harremanetarako Ministerioak, berriz, «ETAren auzian» Espainiarekin duen lankidetza berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.