Ezker abertzalearen ustez, Euskal Herrian konponbiderako irekitako aukeren inguruan «blokeo, boikot eta erabateko itxikeria politikoz» jokatzen ari da Espainiako Estatua, «arduragabeki». PPk «konponbidearen bidez bakea lortzeko aukera usteltzen utzi» nahi duela iruditzen zaio. Baina jarrera aldaraz dakiokeela uste du, eta indarrak horretara bideratzeko eskatu du: konponbidearen alde indar metaketan sakontzeko, eta herri mobilizazioa areagotzeko. Horixe du gakotzat.
Maribi Ugarteburuk plazaratu du ezker abertzaleak egungo egoerari buruz egindako irakurketa, eragile politikoen jarrerak aztertuta. «Argazki zuri-beltza» ikusi du Euskal Herrian: «Batetik, konponbidearen bidetik bake, justizia eta askatasun jokaleku bat eraiki nahi duen herriaren gehiengoa, eta, bestetik, blokeo eta indarkeria estrategiaren bidez proiektu espainiarra inposatu nahi duen estatua».
Gatazka konponbidera eramateko aukera «usteltzen» utzi nahian, «eskubide urraketan eta indarkerian oinarritutako estrategia» darabil PPk, Ugartebururen hitzetan. Horren adibide du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrinari buruz hartutako erabakia.
«Errealitate berriari uko egiten saiatzen ari da PP», salatu du ezker abertzaleak. «Gatazkaren konponbide osorako ezinbestekoa den elkarrizketari» etengabe uko egiten ari dela azaldu du. «Euskal Herritik zein nazioarteko komunitatetik egiten ari zaizkion deiak gorabehera, bunkerrean gordeta dago Estatua».
«Eskaintza eza ezkutatzeko»
«Immobilismoa» eta «eskaintza politikorik eza» ezkutatzeko, Estatuak estrategia bat abiatu duela uste du: Espainiako Kongresuan PSOErekin eta EAJrekin aurkeztutako ituna oinarri duena, eta Eusko Legebiltzarrera bake eta elkarbizitzarako lantaldea sortuz eraman dutena. Baina, ezker abertzaleak ohartarazi duenez, bi akordio horiek «ez dute bakea eraikitzeko inolako ekarpenik egiten».PP elkarrizketaren aurkako mezuak zabaltzen ari dela salatu, eta konponbiderako «bide inteligente bakarra» elkarrizketa dela esan dio.
Alderdi sozialista kontraesanez beteta ikusten du ezker abertzaleak: izaera propiorik gabe, PPren estrategiari jarraika, eta, «egoerak behartuta», agertoki berriarekin bat datozen adierazpen batzuk egiten. «Baina PSOEk ezin ditu bere ardurak saihestu», aurpegiratu dio, presoen sakabanaketa politikoa zein Bateragune auzia, esaterako, berak abiatu zituela gogoratuta.
Hauteskundeak EAJren xede
EAJri dagokionez, «bere jardun politiko osoaren oinarri eta lehentasun bakarra» Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direla esan du Ugarteburuk. Horiei begirako «kalkuluak» egin dituela, eta horregatik lerrokatu dela PPrekin. Bitartean, Euskal Herrian konponbidearen, eskubideen zein burujabetzaren alde antolatutako ekinaldiei bizkar ematea egotzi dio.
Hori guztia ikusita, ezker abertzaleak argi du konponbideari begira jarraitu beharreko bidea. «Irtenbideak egon daitezen, elkarrizketa eta akordio prozesua behar dira. Aieteko Adierazpena eta bere edukiak dira konponbide prozesuaren bide orria, eta ziur gaude gure herriaren gehiengoak bat egiten duela Aieteko Adierazpenaren oinarrizko ideiarekin: elkarrizketa da gakoa».
Gauzak horrela, «prozesua zapuzteko nahiari» indar metaketan sakonduta eta herri mobilizazioa sustatuta erantzungo diola adierazi du ezker abertzaleak, «erakutsiz gero eta gehiago garela konponbideen aldeko apustua egiten dugunak». Bide horri eusteko eskatu die herritarrei ere.
Ezker abertzaleak dio herri mobilizazioa dela estatuari jarrera aldarazteko gakoa
«Prozesua oztopatzeak onurak baino kalte gehiago dakarzkiola ohartzean» norabidea aldatuko duela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu