Ermuko Udalean hasitako mozio-aurkezte dinamikarekin erakutsi duten «jarrera oztopatzailea» alboratzeko eta «etorkizun berri baten eraikuntzarekin» bat egiteko dei egin die ezker abertzaleak PSE-EEri eta PPri ohar batean. Oharrean adierazi dutenez, «jokaleku berriari oztopoak jarriz iraganari eutsi asmo» diote alderdi popularrak eta sozialistak mozioekin.
Ezker abertzalearen esanetan, «euskal jendarteak era masiboan eskatzen duenari PSEk eta PPk entzungorrarena egin nahi diote». Eta jarrera horren azpian «gure herriarekiko duten eskaintza politiko falta eta ideia eta proiektuen konfrontazio askeko jokaleku bati dioten beldurra dago».
Horrez gain, «Euskal Herriko alderdi eta eragile guztiak esertzeko, hitz egiteko eta behin betiko aterabideak lortzeko akordioak egiteko betebeharra izango duten konponbide prozesua» defendatzen duela eta defendatuko duela dio ezker abertzaleak.
Ez dute akordiorik lortu
Juan Mari Jauregiren oroitarriaren aurkako erasoa gaitzesteko mozio bat aurkeztu zuen PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan asteartean. PSE-EEren ekimena ikusita, baina, Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidenteak deklarazio instituzionala adosteko asmoa erakutsi zuen.
Ez dute akordiorik lortu alderdiek oraingoz, baina ikusteko dago zer gertatuko den Batzar Nagusietako Bozeramaileen Mahaian gaur. Rafaela Romero Batzar Nagusietako PSE-EEren bozeramailearen hitzetan, «Bilduk ez du onartu ETA desagertzeko aipamena». Bilduk terrorismoak hitza gehitu nahi zuen.
Hala ere, «Euskadin dagoen oinarrizko arazoaren inguruan Bildurekin negoziatu izana» ontzat jo du Romerok.
Ezker abertzaleak dio PPk eta PSE-EEk iraganari eutsi asmo diotela mozioekin
«PP eta PSEren jarrerek euskal jendartearekiko arrakala zabaldu baino ez dute egiten», adierazi du ezker abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu