Maiatzean Hego Euskal Herrian egingo diren udal eta foru hauteskundeei begira jarrita dago ezker abertzalea. Indar politiko horretako kideek aurki aurkeztuko dituzte alderdi politiko berriaren estatutuak, eta hasiak dira dagoeneko udal eta batzar nagusietarako zerrendak prestatzen. Proiektu politiko berriaren lehen erronka maiatzeko hauteskundeak izan daitezkeela jakitun, datozen lau urteetarako herri eta lurralde mailako hauteskundeetarako programak sortzeari ekin diote, eta, azaldu dutenez, herritarren ekarpenekin osatu nahi dituzte «herri programa» horien lerro nagusiak. Horretarako, Zure ahotsa, gure hitza deiturikoekimena jarri dute abian. Webgune bat eta ezker abertzalearen oinarri sozialek herriz herri egingo duten lana izango dira egitasmoa zabaltzeko erabiliko dituzten bitartekoak.
Ekimenaren nondik norakoak azaldu dituzte Aitor Bezaresek, Arabako Biltzar Nagusietako hautetsiak, eta Agurne Barruso k, Bergarako alkateak, Donostiako Miramar jauregian eginiko agerraldi batean. Kanpainaren hasiera iragarri eta hauteskundeetarako programen zertzelada batzuk eman dituzte, zehaztasunetan sartu gabe.
Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango duen edo ez galdetuta, Bezaresek azaldu du azken hitza Espainiako Estatuak izango duela. «Alderdien legea ez dugu gustuko, baina legea bete egingo dugu. Beraz, hauteskundeetan izango garela uste dugu. Ez dago gure esku. Gu ilusioarekin eta itxaropenarekin ari gara lanean». Bezaresek iragarri duenez, «datozen asteetan» aurkeztuko dituzte alderdi politiko berriaren estatutuak.
Aldaketa politikoa eta soziala
Hauteskunde programak osatzeko kanpaina hizpide, Barrusok azaldu du ezker abertzalearen helburua dela herritarren ahotsa entzun eta herritarren parte-hartzea sustatzea udal eta foru erakundeetan. «Euskal Herria eta euskal herritarrak dira gure helburua», adierazi du. Hauteskundeetarako programen lerro nagusiak, besteak beste, krisialdi ekonomikoa, euskara, ekologia, adineko herritarrak,emakumeak eta gazteak izango direla esan du. Lerro nagusi horiek herri bakoitzeko arazo propioekin osatuko dituztela zehaztu du Barrusok.
Ezker abertzaleko hautetsiak adierazi duenez, «egungo egoera larria errotik aldatzeko» ezinbestekoa da PSE-EE, EAJ eta UPNri aurre egitea. «Haiek dira krisira eraman gaituen sistema neoliberal honen bultzatzaile eta defentsariak. Aldaketa azkar eta sakon baten beharrean gaude», esan du. «Guk ez dugu interes pertsonalik; ez gaude gure patrikak betetzeko. Jazarpena, espetxea, tortura, erbestea, are gehiago heriotza ere ezagutu izan ditugu gure ardurak betetzeagatik, baina gure konpromisoa haratago doa: Euskal Herria; gatazka politikoa gainditzea. Aldaketa politiko eta sozialaren eta herritarren ongizatearen alde lan egingo dugunaren irmotasuna dugu».
Barrusoak azaldu duenez, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean orain arte eginiko ekarpenen ildotik jarraituko du ezker abertzaleak, eta hori udal eta foru erakundeetatik egitea «ezinbestekoa» iruditzen zaio. Barrusok azaldu duenez, «Euskal Herrian irekitzen ari den prozesu demokratikoa dastatuko duen herri programa» osatu nahi du ezker abertzaleak, eta prozesu horretan parte hartzeko deia egin die herritarrei: «Ez zaitez kanpoan gera. Hau ez dago geldituko duenik; izan zaitez aldaketaren motor eta gidaria».
Ezker abertzaleak dio udal eta aldundietako politika «errotik» aldatu behar dela
Maiatzeko hauteskundeetarako «herri programak» osatzeko kanpaina jarri du abian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu