Ezker abertzaleak hamabost egun baino lehen aurkeztuko du alderdi berria Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan. Hala ziurtatu dute Txelui Morenok eta Rufi Etxeberriak.
Estatutuen azken zehaztapenak «orrazten» ari direla azaldu zuen atzo Morenok Infozazpi irratian eginiko elkarrizketa batean, baina prozesua ez dela bi aste baino gehiago luzatuko. «Estatutuak lantzen ari direnek jarri behar dute eguna; artikulu bat edo beste orrazten ari dira, maila teknikoago batean, eta ni hor galdu egiten naiz. Baina Rufik [Rufi Etxeberria] atzo [igandean] esan zuen bezala, hamabost bat egun barru izango da; ezin du luzerago jo».
Halaber, alderdi berria legeztatzeari ezetza emateko «argudiorik» ez dela egongo azalduzuen Morenok elkarrizketan. Ezker abertzaleko kidearen iritziz, legeztatzea «ez da soilik ezker abertzalearen arazoa»; bada baita «euskal gizarteak duen beharra ere, Euskal Herriaren osotasunean dagoena; eta baita beste alderdi politikoetako hautesleena ere, demokratikoak baldin badira euskal gizartearen babesik ez duen gehiengorik ezin dutelako onartu».
Aurki aurkeztuko duten alderdia legeztatu egingo dutela uste duen arren, ezker abertzalea hauteskundeetara aurkeztea saihesteko «bulkada politikoak» izan daitezkeela ohartarazi zuen.
Morenok bezala, Etxeberriak ere uste du epaileek alderdia legeztatuko dutela. «Zalantzarik eta hutsunerik izango ez duten estatutuak» aurkeztuko dituztela ziurtatu zuen El País egunkarian herenegun egin zioten elkarrizketan; eta «legezko baldintza guztiak» beteko dituztela. Era berean, «hamabost egun baino lehenago» alderdi berria Barne Ministerioaren erregistroan aurkeztuko dutela azaldu zuen.
Epaitegiek alderdia legez kanpo uzten badute ezker abertzaleak estrategia berari eutsiko diola adierazi zuen Etxeberriak. Hala eta guztiz ere, dioenez, «ezker abertzaleak ez du legez kanpoko jokalekurik kontuan hartzen».
PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek atzo Radio Euskadin ohartarazi zuenez, «ezker abertzalearen asmoa zintzoa den jakiteko, ez da nahikoa estatutuak aurkeztea; erlazioak, jarrerak eta jokaerak ere aztertu behar dira».
Ezker abertzaleak egunotan sortuko du alderdi berria
Alderdia legeztatua izango den ziurtasuna azaldu dute Txelui Morenok eta Rufi Etxeberriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu