Pernando Barrenak azaldu duenez, ezker abertzalea ez da sartuko «errelato bakarra ezartzeko dinamiketan». «Beste era batera esanda, ezker abertzaleak zail ikusten du zeregin hori [adiskidetzea] garaile eta garaituen premisetatik abiatzea edo gatazka politikoa ukatzen duen premisa edo irakurketa batetik abiatzea». Barrenaren arabera, adiskidetzeak «globala eta kolektiboa» izan behar du. «Ezin da aldebakarrekoa izan eta alde batentzako soilik egin», adierazi du.
Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, «arduragabekeria» leporatu die «garaile eta garaituen errelatoa» ezarri nahi duten eragileei, eta nabarmendu du ezker abertzaleak «eskuzabal» eta «irmo» jokatuko duela adiskidetze prozesua bestelakoa izan dadin. «Argi jokatu behar dugu gutziok, eta ez ditugu itxaropen faltsuak sortu behar. Biktimen auzia 50 urteko gatazka politiko baten emaitza da. Zeregin horri [biktimen aitortza] testuinguru sozial eta kolektibo batetik heldu behar zaio, herri honetan urte luzez egon den sufrimendu osoa onartzeko», azaldu du ezker abertzaleko kideak.
Presoak eta biktimak
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak, berriz, ohartarazi du ez direla «nahastu» behar biktimen eta presoen auziak. «Biktimenak bere bidea egin behar du, eta presoenak berea», esan du Onda Cero irratian eginiko elkarrizketa batean.
Presoei buruz, buruzagi jeltzaleak adierazi du pausoak eman behar direla, baina argitu du berak ez duela amnistia edo indultua defendatzen; bai, ordea, espetxe politika «malguago» bat. «Gerturatzeaz, preso gaixoak askatzeaz eta salbuespen egoerak bukatzeaz». Gerturatzeei dagokienez, Urkulluk uste du Mariano Raxoi PPko burua Espainiako gobernuburu bada Euskal Herriko kartzeletara ekarriko dituztela euskal presoak, «baina denbora pixka bat beharko du gai hori PPn kudeatzeko», gaineratu du.
ETAren jardun armatuaren amaiera
Ezker abertzaleak ez du onartuko «errelato bakarra»
Adiskidetze prozesua modu «globalean eta kolektiboan» egin behar dela nabarmendu du Pernando Barrenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu