«Gezurrezko mamuak» sortzea leporatu dio ezker abertzaleak Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteari. Ezker abertzalearen arabera, Basagoitik berak ere badaki armak uzteko ETAren erabakia behin betikoa dela. Hori dela eta, uste du erabat «arduragabea» dela ETAri desegiteko eskatuz PPk darabilen diskurtsoa: «Horrela, Espainiako Gobernuaren teilatuan dagoen pilotari iskin egin nahi diote». Ezker abertzalearen ustez, PPk uko egin nahi dio gatazka politikoa konpontzeko pausoak emateari eta elkarrizketak hasteari. Hala adierazi zuen Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak atzo Donostian eginiko agerraldian.
Ugarteburuk dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei ETArekin biltzera, gatazkaren ondorioen atala modu «ordenatuan eta eraginkorrean» konpontzeko. Izan ere, ezker abertzalearen iritzian, elkarrizketarik gabe ez dago konponbide politikorik. Ezker abertzaleko bozeramailearen hitzetan, euskal gizartean gehienentzat «ulertezina» da PPk «immobilismoan gotortuta» jarraitzea. Gogoratu zuen sei hilabete igaro direla ETAk armak behin betiko utzi zituela eta denbora tarte horretan Espainiako Gobernuak ez duela urratsik egin.
PSE-EEren eta EAJren jarrera ere salatu du ezker abertzaleak, «ETArendesegite terminoan tematzeagatik». «Interes alderdikoietatik harago, erantzukizun osoz jokatzeko garaia da», adierazi zuen Ugarteburuk.
Ezker abertzaleak «gezurrezko mamuak» sortzea leporatu dio PPri
Ugarteburu: «ETAri desegiteko eskatuz, Espainiako Gobernuak duen erantzukizuna estali nahi du PPk»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu