Ezker abertzaleak Madrilgo gobernuaren jokabide «arduragabea» gaitzetsi du

Nazioarteko Harreman Taldearekin elkarlanean aritzeko prestasuna azaldu du Miren Legorburuk Iruñean

J. Senar - J. Sagarzazu
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Ezker abertzalea ematen ari den pauso ausartak ikusita, Espainiako Gobernuak berriz ere erakutsi du ukazioa eta jazarpena beste biderik ez duela aurkitzen». Miren Legorburu Hondarribiko hautetsiak horrela erantzun dio Sorturen estatutuak fiskaltzara igortzeko Espainiako Gobernuaren erabakiari. Iruñean emandako prentsaurrekoan, Legorburuk, Marine Pueyok eta Xanti Kirogak salatu dute «arduragakeria handiz» jokatzen ari dela gobernua. «Penagarria litzateke horrelako aukera bat alferrik galtzea, baina horrek ez luke gure apustua aldaraziko». Era berean,argi utzi nahi izan dute beste behin ezker abertzalearen apustua «luzera begirakoa» dela.

Prentsaurrekoan «esker ona» adierazi diete herenegun Bilbon aurkeztu zen Nazioarteko Harreman Taldeari, eta «elkarlanerako egon daitezkeen formulak garatzeko borondatea» azaldu diete. Ezker abertzalearen irudiko, «zabaldu egin da gatazka bere osotasunean gainditzeko fasea». Etorkizuneko erronketako bat nazioarteko esperientziak jaso eta Euskal Herrian autodeterminazio eskubideak izan behar duen formulazioan adostasun zabala lortzea dela deritzo.

Harreman talde horrek Jaurlaritzako agintarien eta PPko eledunen artean sortu duen erreakzioa ikusita, Legorburuk salatu du «ardura eza» erakusten dutela. Haatik, uste du azken urtebetean ezker abertzaleak eman dituen pausoen inguruko iritzia aldatu duten bezala, Brian Currinen taldearenganako jarrera ere aldatu egingo dutela. «Zalantzarik ez dugu».

Ezker abertzalearen ordezkaritza bat Katalunian izan zen atzo. Txelui Moreno izan da han. Joan Puigcercos ERCko presidenteak «babes osoa» azaldu dio ezker abertzaleari. SI Solidaritat Catalana per la Independenciako eta ICVko ordezkariekin bildu zen Moreno. SIren ekimenez, gainera, Kataluniako legebiltzarrean prentsaurreko bat eman ahal izan zuen.

Horretaz gainera, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ETBn azaldu zuen uneotan ez dagoela mahai gainean bere alderdiaren eta Sorturen arteko hauteskunde koalizio baten aukera. Oraindik ere erabakiak hartzeko tartea dagoela dio: muga zerrendak aurkezteko azken data izango da.

Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, berriz, egoerak eskatzen duen ardurarekin ez jokatzea aurpegiratu dio Patxi Lopez EAEko lehendakariari. Sortu alderdiari entzun beharrean.

Eskutitza Olanori

Donostian, Agurne Barruso Bergarako alkateak eta Xabier Mikel Errekondo Usurbilgoak gutun bat eman zioten atzo Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanori.

Ezker abertzalea legeztatzearen alde egin dituen adierazpenekin kontsekuentea izan dadin eskatu dio Gipuzkoako ezker abertzaleak Olanori, eta legealdia amaitzeko falta diren hiru hilabeteetan «gipuzkoar guztien» etorkizuna baldintzatuko duen neurririk ez hartzeko eskatu dio. «2007an 72.000 gipuzkoarrek eman zioten boza ezker abertzaleari, eta lau urteotan ez duzue inoiz kontuan izan horrek ematen duen ordezkaritza», salatu du ezker abertzaleak. Olano Kursaaleanizan zen atzo, legealdiari buruzko balantzea egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.