Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Ezker abertzaleak PPrekin bildu nahi du, PSE-EErekin egin bezala

Ugarteburuk PPri ohartarazi dio «aurkarien arteko elkarrizketa funtsezkoa eta beharrezkoa» dela gatazkak konpontzekoGaixo dauden 13 presorekin prebarikazioa egitea egotzi dio Espainiako Gobernuari

Maribi Ugarteburu, atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
PSE-EErekin harremanak dituela baieztatu du ezker abertzaleak, eta gainerako alderdi eta eragile guztiekin «harreman dinamika iraunkorra» izateko bokazioa duela argitu du. Horregatik, PPri biltzeko deia egin dio. Maribi Ugarteburuk esan duenez, ezker abertzaleak argi dauka guztien arteko elkarrizketa ezinbestekoa dela gatazka konpontzeko, eta hala ohartarazi dio PPri ere: «Aurkarien arteko elkarrizketa funtsezkoa da, nahitaezkoa, gatazka guztien konponbidean». Elkarrizketa beharrezkoa dela eta gertatu egingo dela esan zuen Ugarteburuk Donostian emandako prentsaurrekoan: «Elkarrizketa saihetsezina delako».

Hasieran elkarrizketa horrek «diskretua, alde bikoa eta zuzena» izan behar duela uste du ezker abertzaleak, eta nabarmendu du beraiek «erantzukizun gorenarekin» jokatuko dutela. «Harreman horiek josiz iritsiko gara konponbiderako nahitaezkoa izango den alderdien arteko elkarrizketa mahaia edo prozesua eraikitzera». Hain justu, mahai horretatik etorriko da akordioa, ezker abertzalearen irudiko: «Gatazka politikotik elkarbizitza demokratikora eramango gaituen akordioa; eskubide guztien aitorpenean eta proiektu politiko guztiak egingarriak izatearen bermean oinarrituko den akordioa».

Zero kapitulua

PSE-EErekin dituzten harremanetan zein jarrera topatu duten galdetuta, «elkarrizketari buruzko elkarrizketa» dela azaldu zuen Ugarteburuk. Akordiora eta konponbidera bidean zein gai ordena jarraitu beharko den aztertzen ari direla, elkarrizketa horiek nola egin beharko liratekeen: «Zero kapituluan gaude».

Aieteko Akordioari erreferentzia egin zion ezker abertzaleko bozeramaileak, gogora ekarrita aurki beteko dela urtebete adierazpen hura publiko egin zenetik. Han, jarraitu beharreko bide orria markatu zela gogorarazi du: batetik, ETAk eta Espainiako Gobernuak hitz egin behar dutela, «gatazkaren ondorioen inguruan»; eta bestetik, eragile politiko guztien arteko elkarrizketak egin behar direla, «gatazkaren arrazoi politikoen inguruan, Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen inguruan».

Salatu du Espainiak pauso gutxi eman dituela, eta beraiek behartuta eman dituela. Hala, Josu Uribetxebarriaren auziaren kudeaketa txarra egin duela esan ostean, «prebarikazioa» egitea aurpegiratu dio Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari. Hark esan zuen Uribetxebarriari hirugarren gradua eman ezean prebarikatzen ariko zela. Ugarteburuk gogora ekarri du beste 13 euskal preso daudela larri gaixo, eta haiek ez askatuta prebarikatzen ari dela Espainiako Gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.