Ezker abertzaleak presoen, desarmearen eta desmilitarizazioaren gaiei eusteko eskatu dio Raxoiri

Sorturen legeztatzea ere aipatu dute Ugarteburuk eta Barrenak. Espainiako hurrengo presidenteak "arduraz" jokatu beharko lukeela adierazi du ezker abertzaleak. "Konponbide demokratikoaren garaia da".

2011ko azaroaren 22a
16:21
Entzun

Ezker abertzalea gustura geratu da Espainiako Kongresurako hauteskundeetako emaitzekin, Amaiur baita Hego Euskal Herrian ordezkaritza handiena lortu duena —zazpi diputatu—, eta Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteari "gatazka politikoaren ondorioei" eusteko eskatu dio. Hain zuzen, euskal presoak, "desarmea" eta "desmilitarizazioa" aipatu ditu ezker abertzaleak gaur —Maribi Ugarteburuk eta Pernando Barrenak prentsaurrekoa eman dute, Donostian—. Sorturen legeztatzea ere aipatu dute.

"333.624 boto emaileek zeregin nagusi bat jarri diote, Amaiurri: konponbidea. Konponbide demokratikoaren garaia da eta horrek du lehentasun osoa guztion agendatan, konponbideari heltzeak eta herri honen eskubide politiko eta ekonomikoak eskuratzeak", azaldu dute Ugarteburuk eta Barrenak, eta Raxoik ere "arduraz" jokatu beharko lukeela uste dute.

Amaiurren hauteskunde emaitza "historikoa" dela-eta, "herri honen aldaketaren lidergoa ezkerreko soberanista eta independentistek" hartu dutela uste du ezker abertzaleak, eta "herritarrek indar metaketa saritu" egin dutela. 

Atzo PPk jakinarazi zuen Kongresuan ordezkaritza lortu duten eragile denekin hitz egingo duela gobernu berriak, Amaiurrekin izan ezik. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak zioen Espainiako Konstituzioak ez dituela Amaiurren helburuak "jasotzen, ez babesten", eta, beraz, PPk ez duela harekin hitz egiteko asmorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.