Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian hitz egin du Aresek, joan den irailaren 11n eskubide guztien alde Bilbon deituta zegoen manifestazioaren debekuaren harira EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak egindako galderari erantzunez. Manifestazioaren debekuaren inguruko xehetasun gutxi eman ditu sailburuak, eta nahiago izan du EA eragile abertzaleekin ematen ari den pausoei buruz iritzia ematea. Herrizaingo sailburuaren aburuz, «kezkagarria» da EAren jarrera, eta «zuhur» ibili beharko luke.
Herrizaingo sailburuak uste du ETArekiko exijentzia maila «jaitsi» egin duela EAk. «Lehen desagertzeko eskatzen zenioten ETAri, eta orain soilik su-eten egiaztagarria eta iraunkorra». Erakunde armatuari armak uzteko eta ezker abertzaleari ETArengandik aldentzeko eskatu beharko lioke EAk, Aresen arabera. Haren irudiko, ETA existituko ez balitz bezala politika egiten saiatzen ari da ezker abertzalea, baina horretarako baldintzak ez direla ematen ohartarazi du: «Zoritxarrez, ETA ez da desagertu, eta, beraz, ez gaude ETA osteko garaian; ETA amaitzeko lanean ari gara».
EAko ordezkariak, berriz, bere alderdiak ezker abertzalearekin sinatutako akordio estrategikoaren defentsa egin du. Esan duenez, bi alderdiok «bide politiko, demokratiko eta baketsuen» aldeko apustua egin dute Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko, eta bake prozesurako jokaleku baten alde lanean ari dira.
Manifestazioa
Adierazi EHk irailaren 11rako deituta zuen manifestazioaren eta ondoren herritar talde batek deitutakoaren debekuen inguruan ere galdetu dio Agirrezabalak Aresi. EAko legebiltzarkideak salatu du Herrizaingo Sailak Auzitegi Nazionalera igorritako txostenean egon zela debekuen oinarria. Agirrezabalarentzat «oso larria» da Herrizaingo Sailak manifestazio eskubidea murrizteko egindako ahalegina, eta salatu du landutako txostena «erabat partziala» zela. EAko ordezkariaren ustetan, «herri mailako mugimenduen aurka joateko eta kriminalizatzeko» xedea izan zuen Herrizaingo Sailaren erabakiak.
Aresek, ordea, ukatu egin du manifestazioak debekatzeko erabakia bere departamendutik hartu zela. Auzitegi Nazionalera igorritako txostenak «serioak, zorrotzak eta objektiboak» zirela esan du, eta erantsi du Ertzaintzak «profesionaltasunez» bete zuela bere zeregina, legea betez. Manifestazio deialdi bat dagoen bakoitzean Ertzaintzak beti txostena lantzen duela eta azken erabakia Auzitegi Nazionalak duela azaldu du Aresek.
Horren harira, EAJko Mikel Martinezek salatu du Auzitegi Nazionala «salbuespeneko auzitegia» dela eta «arbitrarioki» jokatzen duela. Manifestazioaren debekua erabaki «politikoa» izan dela eta eskubide zibil eta politikoak urratu egin direla iritzi dio. Larunbat honetarako eskubide guztien alde Bilbon deitutako manifestazioarekin Herrizaingo Sailak zer egingo duen galdetu dio Aresi, eta hark esan du oraindik ez dutela deialdia aztertu.