Edukiez gain, eszenografiak ere garrantzia izan zuen atzo. Iruñeko Tres Reyes hoteleko areto nagusian, gora ezker abertzalea zioten hiru kartel handiren azpian, belaunaldi guztietako eta hainbat sektoretako 300dik gora militantek agertu zioten babesa proiektu berriari. Han ziren, beste askoren artean, Txelui Moreno, Marine Pueyo, Iñigo Iruin, Igor Urrutikoetxea, Eusebio Lasa, Jone Goirizelaia, Antton Morcillo, Xanti Kiroga eta Expe Iriarte.
Babesa eta barne kohesioa
Marian Beitialarrangoitiak euskaraz irakurri zuen agiria, eta Rufi Etxeberriak, gazteleraz, eta bakoitzak bere agerraldia amaitutakoan txalo zaparrada batekin erantzun zuten militanteek. Horrenbestez, proiektu politiko berriarekiko babes zabala eta barne kohesioa irudikatu nahi izan zuen ezker abertzaleak.
Komunikabideen artean sortutako ikusmina ere ez zen gutxiagorako izan. Prentsaurrekoko aretora sartu aurreko unetan, hoteleko ataria kazetariz gainezka zegoen, horietako batzuk Euskal Herri kanpotik etorriak -azken unean etorritako Nafarroako komunikabide bateko kazetari batek, adibidez, ez zuen bere ezustea ezkutatu-. Hamabost kamera inguruk grabatu zuten saioa.
Iazko azaroan Altsasun prozesu berri baterako lehen urratsa egin eta apirilean Iruñean estrategiaren nondik norakoak azaldu ondotik, atzo urrats bat gehiago egin zuen ezker abertzaleak. Rufi Etxeberriaren arabera, Zutik Euskal Herria ebazpenean jasota datorren estrategia garatu ahal izateko, «ezinbesteko» urratsa da proiektu politiko eta barne antolamendu berri bat izatea, eta abian den fase politikorako «berrespen gisa» ikusi behar da.
Proiektu politiko berri hori «egungo errealitate eta baldintzetatik» abiatuko dela azaldu du. Independentziaren zein sozialismoaren aldeko konpromisoa agertzearekin batera, norabide horretan urratsez urrats aldaketak eragiteko «tresna gisa» ulertzen dute. Hala, «indar subirano eta aurrerakoien arteko indar metaketa premiazkotzat daukatenez, horren aldeko «proposamen taktikoak» egingo ditu alderdi berriak.
Ezker abertzalearen arabera, bi ardatz nagusiren inguruan mugituko da. Batetik, «eskubide guztien errespetuan» oinarritutako bake egoera bat bultzatuko du. Bestetik, «herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea» izango da proiektuaren motor eta bermatzaile bakarra.
Ardatz horien inguruan, proiektu berriak zazpi oinarri politiko izango ditu: independentzia, euskalduntzea, sozialismoa, justizian eta askatasunean oinarritutako bakea, feminismoa, herrien arteko elkartasun internazionalista eta demokrazia parte-hartzailea. Ezker abertzalearen arabera, «independentzia da Euskal Herriaren garapen osoa ziurtatzeko modu bakarra». Horrez gain, egungo sistema kapitalistaren aurrean, beharrezkotzat jotzen du ezkerreko estrategiak eguneratzea eta menpekotasunetik askatutako gizarte eredu berri bat eraikitzea.
Bake iraunkorraren bermea
Beste oinarrietako bat bakea da.«Bakea ez da soilik bortxakeria eza, demokrazia eta justizia sozialaren bastioia baizik», zehazten du agiriak. «Elkarrizketa eta akordio demokratikoen bitartez, herritar guztien eskubide ororen errespetua izango da bake egonkor eta iraunkorra bermatuko duena». Demokrazia parte-hartzailearen alde egiten du. Ezker abertzalearen irudiko, egungo sisteman bezerokeria eta ustelkeria «instituzioen sinesgarritasun demokratikoa» pitzatzen ari dira, eta politikaren izen ona galtzen ari da. «Herri boterea bideratuko duen proiektuaren alde egiten dugu, erabakietan herritarren benetako parte-hartzea sustatuz», dio agiriak.
Sinesgarritasuna irabazteko, oinarriok barne antolamenduan islatzea nahi du ezker abertzaleak. Haren ustez, aurreko eredua gainditzen du, eta «inflexio puntu» bat da. Izan ere, batetik, funtzionamendu demokratikoaren alde egiten du, eta, horretarako, kide guztien parte-hartzea bultzatuko duten arauak zehazten ditu. Irizpidea da proiektuak «autonomia osoa» izatea: «Barne egituren burujabetza ziurtatuko da, betiere interferentzietatik eta inongo menpekotasun eta baldintzetatik libre». Bestetik, bide baketsu eta demokratikoak soilik garatzeko jarduerak bultzatuko ditu, «soilik oinarri demokratikoetatik bil daitezkeelako gehiengo instituzional eta sozialak».
Oinarriak eta barne antolamendua zehaztuta, ezker abertzalearen irudiko, «argi geratzen da», estrategia horretan «ez dago indarkeriazko mehatxuarentzat inongo tarterik». Ekintza politikorako tresnak «mobilizazio eta atxikimendu herritarra, desobedientzia zibila, borroka ideologikoa eta parte-hartze politiko-instituzionala» direla zehaztu du. «Guztiarekin, XXI. mende honetan, gure aurretik pasa diren hainbat belaunaldiren ametsa indartu nahi dugu».
Atzo irakurritako agiri politikoa
Proiektu eta antolakunde berrirantz
Hona hemen, ezker abertzaleak atzo aurkeztutako agiriaren zati batzuk, hitzez hitz:(...)Murgildurik gauden agertoki berri honetan, zeina inposizio eta ukapenaren fase politikoa betikotzeko xedez batzuk ekidin nahi duten, ezkerrekoa eta abertzalea den herriak proiektu politiko eta antolakunde berri baten beharra duela pentsatzen dugu, egungo errealitate eta baldintzetatik abiatuta, etorkizunean independentzia eta sozialismoa erdiesteko konpromisoa izango duen tresna gisa proiektatuko dena.
Erreferentzia estrategiko hauekin, indar subirano eta aurrerakoien artean premiazkoa den indar metaketaren alde proposamen taktikoak sustatuko dituen proiektu politiko bat bultzatuko dugu, eragile sozial eta instituzionalen indar harremana aldatzeko gaitasun eta ilusioz eta markaturiko helburuei jarraikiz urratsez urrats eragiteko asmoz.
Euskal Herriarekin konprometituriko proiektu politiko eta antolakunde berria izanen da, eta koiuntura historiko honetan eskubide guztien errespetuan oinarrituriko bake eszenatokia bultzatuko du, elkarrizketa eta negoziazio prozesu baten dinamizazioan murgilduz, gatazka demokratikoki konpontzeko, preso eta iheslari guztiak etxeratzeko eta eskubide kolektibo eta norbanako ororen errespetatuan oinarrituriko eszenatokia osatzeko xedez.
Zentzu honetan, kultura eta adierazpen politiko guztien enkontrurako esparru gisa ulertzen du konponbiderako akordio demokratikoa, saihestezinak diren bi ardatzetan oinarriturik: euskal nazioaren existentzia eta onarpena eta herritarren egungo nahiz etorkizuneko borondate demokratikoaren errespetua. Hau da, herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea kokatuko du bere bilakaera politikoaren motor eta bermatzaile bakar gisa, eta era berean, langile klasea bere oinarrizko erreferentzia gisa gizarte zuzen eta justuago bat lortzeko norabidean. Horretarako kontuan hartuko dira emakumeek gizonezkoekiko pairatzen duten egoera asimetrikoa, aukera berdintasuna bermatzeari begira.
Horrela bada, jarraian aipatzen diren oinarriekin konprometituko da proiektu politiko berria: Independentzia, euskalduntzea, sozialismoa, justizia eta askatasunean oinarritutako etorkizun baketsuaren alde, feminismoa, herrien arteko elkartasun internazionalista eta antiinperialista eta demokrazia parte-hartzailea.
Konpromiso politiko eta ideologiko hauetatik, antolakunde berria, aurreko ereduak gainditu eta inflexio puntua markatuz, bere barne funtzionamenduari eta ekinbide politikoari dagokienez, ondoko printzipioetan oinarrituko da:
Barne estruktura eta funtzionamendu demokratikoa izango du, aukera berdintasunean oinarrituta kide guztien parte-hartzea garatuko duten arauen bitartez, borondate kolektiboa osatzen aldera; eztabaida eta erabakitzeko barne egituren burujabetza ziurtatuko da, betiere interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre, hausnarketan eta bere lerro politikoa zehazteko orduan autonomia osoarekin arituko delarik. Hauek guztiak eskakizun banaezinak dira aldaketa politiko eta sozialerako protagonista bakar gisa jendartea eta bere parte diren emakume eta gizonak kokatu nahi dituen proiektu politiko honetan.
Bide baketsu eta demokratikoetatik soilik garatuko den jarduera. Soilik oinarri demokratikoen errespetutik bil daitezke gehiengo instituzional eta sozialak. Gehiengo hauek izan behar luketelako prozesu politikoa eskubide kolektibo eta norbanakoenak zinez errespetatuko diren agertokirantz aurreratzea ahalbideratuko dutenak, betiere gure helburu independentista eta sozialista jomugan hartuta.
Horregatik, proiektu politiko eta antolakunde berri honek soilik bide politiko eta demokratikoekiko erakutsi behar duen konpromisoa tinkoa eta zalantzarik gabea izan behar du eta ez du egon behar egoeraren araberako faktoreen edo aldagai taktikoen menpe; eta, beraz, helburu politikoen lorpenerako indarkeriaren erabilpena edo erabilpenaren mehatxua errefusatu behar du.
Honek berekin dakar egintza politikorako tresna diren mobilizazio eta atxikimendu herritarra, desobedientzia zibila, borroka ideologikoa eta parte hartze politiko-instituzionalaren erabilpen soilaren aldeko konpromisoa. Argi geratzen da, beraz, defenditzen dugun proiektu politiko eta antolakunde berri honen estrategia independentista eta sozialistaren baitan ez dagoela indarkeriazko mehatxuarentzat inongo tarterik (...).